Otsailaren 16an, asteartean, hirugarren solasaldiaren txanda izango da: Nafarroa Garaiaren konkista. Aitzindariak eta ondorioak izenekoa, eta 1512 urtera eramango gaituzte azalpenek. Bertan kontatuko dute Hernani noiz eta zergatik erre zen, besteak beste. Solasaldira joateko aukerarik ez dutenek hementxe dute garai hartako egoeraren azalpen txiki bat. Beñi Agirre Nabarraldeko kideak kontatu dizkio Kronikari solasaldiaren xehetasunak.
Hernani erre, gaztelarrek laguntzarik ez jasotzeko
1200 urtean, Gasteiz zazpi hilabetez setiatu eta suntsitu ondoren, gaztelarrek Hondarribiraino sartu eta Hernani beretu egin zuten, beste hainbat herrirekin batera. 1512an, Nafarroa Garaiaren inbasio garaian, Hernanik harresiak eta dorreak zituen inguruan eta kokapen estrategikoa zuenez, hernaniarrek nahi ala nahi ez, parte zuzena hartu behar izan zuten konkistan eta ondorengo sarraskietan.
1512ko uztailean, Urumean barrena sartu ziren lehenengo oste espainiarrak Iruña hartzera, eta uztailaren 24an erori zen hiriburua. Azaroan, Nafarroako Joan Albret erregearen eta La Palicen osteen adar bat Iruña berreskuratzeko guduan ari zen berriro. Eta bien bitartean, beste adar batek Irun, Oiartzun, Errenteria eta Hernani hartu eta erre egin zituen Iruñan gotortuak ziren gaztelarrek laguntzarik jaso ez zezaten.
Benetako asmoa, Nafarroa menperatzea
1512ko urtean, Gaztelan, Joana Eroa zen erregina titularra, baina, honen eroaldia zela-eta, bere aita Fernando II.a Aragoikoak gobernatzen zuen (Katolikoa, Faltsarioa edota Inkisidorea ere deitua). Urte hartan, Frantziako Luis XII.aren eta Aragoiko Fernando II.aren arteko gerra piztu zen. Ingalaterrak ere bazuen honetan interesik, espainiarra garailea izanez gero, Ehun Urteko Gerran galdutako Akitania berreskuratuko baitzuen.
Hori horrela, Fernando II.ak Ingalaterrako erregearekin hitzarmena egin zuen frantziarren kontra. Hala eta guztiz ere, Aragoi-Gaztelako erresumaren benetako asmoa ez zen frantziarren kontra aritzea, Nafarroa haien pean jartzea baizik. Nafarroako erresuma oso egoera ahulean zegoen militar arloan eta gainera, egungo Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lur gehiena Gaztelaren pean zegoen 1200eko inbasioez geroztik.
Inbasioa, Aita Santuaren bulda aitzaikiatzat hartuta
Fernando II.a Aragoikoak Julio II.a Aita Santuak emandako ´Pastor ille caelestis` delako bulda aitzakiatzat hartuta, Nafarroa Garaiaren inbasioa martxan jarri zuen. Bulda hori, ordea, ez zen existitzen. Geroztik eginarazia da.
Uztailaren 10ean, Donostialdean zeuden oste espainiarrak Urumea ibaian gora egin eta Goizuetan barrena sartu ziren. Ekialdetik, berriz, Tarazona eta Erriberritik abiatu ziren Erronkarialdeko ihesbidea mozteko asmoz. Hilaren 17an, Fernando II.ak Albako dukeari agindu zion Gasteiztik atera eta Iruñarantz abiatzeko.
Uztailaren 24an, Fernando Logroñon zain zegoela, sinatu zen Iruñako kapitulazioa eta Joan III.a Albret eta Katalina I.a Nafarroako errege-erreginak ihes egin zuten Biarnora. Gaztelarrek Espainiako zaindariaren eguna, Santiago eguna, aukeratu zuten Iruñan sartzeko: uztailaren 25a. Gainera, 1512ko abuztuaren hasieran, Albako dukearen osteak Donibane Garazin sartu ziren.
Kapitulazioa eta inkisizioa
Fernando II.ak nafar hiritarrak bere alde jartzea nahi izan zuen, horregatik, Nafarroako funtzionario eta jauntxoen pribilejioak errespetatuko zituela zin egin zuen Iruñako kapitulazioan. Baina, ez zituen garrantzizko karguak nafarren eskuetan jarri. Gainera, Cisneros Kardinalak gaztelu eta dorreak suntsiarazi zituen nafarrei birkonkistarako aukera galarazteko, herriak sakeatu zituen, emakumezkoak bortxatu, jendea torturatu, hil. Villalba jeneral espainiarrak ´herriari izu osasuntsua inposatzea beharrezkoa zela` esan zuen.
1512ko irailaren 21ean, Erromako elizaren laguntzaz, Fernandok Inkisizio Santuaren Tribunal modernoa ezarri zuen. Inkisizioak ehunka nafar sutan bizirik erretzera kondenatu zituen.
Azken ahalegina 1521ean
Iruña eta Donibane Garazi erori ondoren, gainerako nafar herriak ere segidan erori ziren, baina, ez borroka bortitzetan inbasoreei aurre egin gabe. Gainera, ondorengo urteetan ere, Nafarroa Garaia berreskuratzeko nafar-biarnesen ahaleginak etengabeak izan ziren.
Azkenekoa 1521ean hasi zen, jauntxo gaztelarrek komuneroekin zuten guda zibila aprobetxatuta. Oste nafarrek maiatzean berreskuratu zuten Iruña eta bertan zauritu zuten gaztelarren alde ari zen Loiolako Iñigo. Nafarrek Logroño hartzea ere lortu zuten, baina, oste gaztelarrak komuneroen kontrako guduan garaile izan ondoren, nafarren aurka bildu ziren berriro. Noaingo sarraskia (1521-VI-30), Amaiurko setioa (1522-VII-19) eta Hondarribiako galerarekin (1524-III-25) amaitu ziren Nafarroa Garaia berreskuratzeko ahaleginak.
Kronologia
1054an, Fernando I. Gaztela-Leongo erregeak bere anaia Gartzia III.a Nafarroakoa Atapuerkan hil eta Nafar erresumaren mendebaldea inbaditu zuen: Oka mendiak eta Bureba. 1076an, Nafarroako Antso IV.a Peñalenen asasinatu zuten eta Gaztelako Alfontso VI.ak Naiara eta Errioxa hartu zituen. 1200ean, Gasteiz zazpi hilabetez setiatu ondoren, Gaztelako Alfontso VIII.ak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hartu zituzten Hondarribiaraino. 1512ko uztaila-abuztuan, espainiarrek Nafarroa Garaia eta Beherea inbaditu zituzten. 1620an, Iparraldea Frantziako koroan barneratu eta 1659an, Pirinioetako Itunaren ondorioz, egun ezagutzen dugun Frantzia-Espainiako mugak ezarri zituzten.