Euskal Herriko historian barrena ibiltzeko aukera izango da datozen egunetan Hernanin. Hernaniko Udalak eta Amaiur 1512-2012-Nafarroa bizirik elkarteak antolatuta, bost solasaldi izango dira Biterin, arratsaldeko 20:00etan hasita. Lehenengoa datorren asteartean, otsailaren 9an izango da, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabaren galeraraino arituko dira: IXgarren mendetik 1300 urtera. Angel Rekalde Nabarraldeko kidea izango da hizlaria. Beste solasaldi bat ere izango da datorren astean; zehazki ostegunean, hilaren 11n, eta aztertuko da historiaurretik IXgarren mendera arteko garaia, hau da, Iruñeako Erresumaren sorrerainokoa. Beñi Agirre hernaniarrak emango ditu azalpenak. Berau ere Nabarraldeko kidea da.
Hilaren 16an, berriz, Nafarroa Garaiaren konkista izango dute hizketagai. 1512 urtean zentratuko dira eta aitzindariak eta ondorioak azalduko dituzte. Handik bi egunetara, hilaren 18an emango zaio jarraipena Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa Frantziapean geratu zireneko kontaketarekin. Eta azken solasaldia hilaren 23an izango da eta bertan azalduko dira soberaniaren aztarnak.
Solasaldiak dohainik dira, baina aurretik izena eman behar zen.
1512-2012, Nafarroa bizirik elkartearen sentsibilizazio kanpaina
1512-2012, Nafarroa bizirik elkartea helburu jakinarekin sortu da, Nabarraldek bultzatua eta hainbat pertsonaia publikok babestua. «2012 urtean, 500 urte beteko dira 1512ko konkistatik, hau da, historiaren manipulazioak ituntzat aurkeztu digun inbasiotik. Luzea da nafar erresumak jasan dituen erasoen zerrenda, baina 1512koa garrantzitsuena izan zen, eta galdutako askatasunaren ikur bilakatu da. Eta jadanik iragarrita dago agintariek historia berriz ere manipulatuko dutela. Herriaren kontzientzia faltsutuko dute, 500 urte betetzera doan biolentzia-egoera bat lausotzen ahaleginduko dira», diote 1512-2012 Nafarroa bizirik elkarteko kideek. Eta horren harira antolatu dituzte Hernanin egitekoak diren bost solasaldi horiek. Herri ezberdinetan egiten ari diren sentsibilizazio kanpainaren barruan, hain zuzen.
«Faltsifikazioei aurre»
«Sentsibilizazio kanpaina honekin jendarteari deia egin nahi zaio 1512ko konkistaren 500garren urteurrena gainean dugula, gure historiaren oroitzapena berreskuratzeko, eta, beraz, faltsifikazioei aurre egiteko», gaineratu dute. Eta azaldu dute kolokan ez dagoela iraganaren inguruko interpretazio bat ala beste, gaur egungo egoera eta etorkizunaren aurreko eztabaida baizik. «Manipulazioak, azken batean, Nafarroak erabakitzeko ahotsik ez duen egoera hau legezkotzat jotzeko asmoa du. Itunaren ideia faltsuak estali nahi du Nafarroa ez dela burujabe, asimilazio prozesuan dagoela, akulturazioan, berezko erakundeak ukatzen direla, bere nortasuna, hizkuntza, kultura...».