2009ko azken hilabetean langabezia jaitsi egin bazen ere, urte hasieran berriz gora egin du Hernaniko langabetu kopuruak. Guztira 1.138 langabetu daude Hernanin, aspaldiko urteetako gehiena. Langabezia nabarmen ari da igotzen 2008az geroztik, eta igoera nabarmenena 2009an izan du. 2008ko urtarrilean 771 langabe zeuden Hernanin; 2009ko urtarrilean 896; eta 2010eko urtarrilean 1.138. Azken urteetan, urtarrilean beti igo izan da langabezia Hernaniko datuetan eta datu orokorragoetan. Aurten, 65 langabetu gehiago daude; iazko urtarrilean 57 gehiago; 2008ko urtarrilean 70 gehiago; 2007ko urtarrilean 35 gehiago; eta 2006ko urtarrilean 38 gehiago. Urte hasierako igoera hori beraz, iazkoa baino altuagoa izan da aurten.
Joera orokorra
Hernaniko datuak joera orokorraren islada dira. Gipuzkoan, adibidez, %6 igo da langabezia abendutik urtarrilera, eta kopuru historikoa harrapatu du. Gipuzkoan 40.914 langabetu daude; kopururik altuena, 1994tik.
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi duenez, gobernua lanean ari da enpresetako langabetu kopurua haunditu ez dadin, joera hori geratzeko, eta enpresak lana sortzen hasi daitezen. «Bagenekien 2010a ez zela urte ona eta erraza izango lanpostu berriak sortzeko, baina espero dugu joera txar hori frenatzen hasiko dela laister».