Ikastetxe publiko bakarra, 12 urtetik gorako ikasleentzat

Kronika - Erredakzioa 2010ko urt. 31a, 01:00

EUSKO Jaurlaritzak hala erabakita, datorren ikasturtetik aurrera, Herna­niko ikasle gehie­nek batera egingo di­tuzte Derrigorrezko Biga­rren Hezkuntzako ikasketak. Lehen 16 urterekin nahastu eta elkarrekin ikasten zutenak, orain 12 urterekin elkartuko dira, elkarrekin ikastera.

Otsailean izena eman, irailean hasi
Asmoa da, datorren ikasturtean bat eginda izatea herriko Derrigorrezko Bigarren Hez­kuntzako lehendabiziko mailak, 2010eko irailetik aurrera. Erabateko fusioa, hurrengo urteetan egingo da, eta Ba­txilergoa eta Heziketa Zikloak ere proiektu beraren barruan sartuko dituzte. Datorren ikas­turterako izen ematea otsailean egingo da, beraz, matrikulazioa bateratua izango da.

Ikastetxe bakoitzak bere DBHa orain arte
Aspalditik zetorren kontua zen bateratzearena. Tartean bilera mordoska eta Gas­teiz­ko gobernu aldaketa ere izan dira. 2009eko irailean, Eusko Jaurlaritzako Hez­kun­tza Sailak berriz ekin zion Eskola Mapa berraztertzeari. Euskal Autonomi Erkide­goko Eskola Mapan aldaketak egiten ari da Hezkuntza Sai­la, eta Derrigorrezko Biga­rren Hezkuntza eta Batxiler­goak bateratzeko prozesua jarri du mar­txan. Horren harira, bere ardurapean dauden zentro guztiekin berrantolaketa egin nahi du, baita Her­na­­ni­koekin ere. 2008/09 ikasturteko da­tuen ara­bera, Inmakulada ikas­­te­txeak 94 ikasle izan zituen DBHn, Hernaniko DBHko ikas­­­­leen %16; Urumea Ikas­to­lak 135 ikasle, %23; Langile Ikastolak 218 ikasle, %37; eta Elizatxo Ikastolak 133 ikasle, % 23. Guztira 581 ikasle zeuden joan den urtean DBH egiten herriko ikastetxeetan.

«Eskaintza hobetzeko egina»
Gipuzkoako Hezkuntza Lu­rralde Ordezkaritzatik Kroni­kari jakinarazi diotenez, Her­naniko eskaintza hobetzeko hartu dute erabakia, batez ere: «Hernani herrian Bi­ga­rren Hezkuntzako eskaintza hobetzeko. Eskaintza osoago bat eta egituratuago bat egin ahal izateko».

Bi urte bilerak egiten
Prozesuak beraz, gora behera haundiak izan ditu, baita geldialdiak ere. Hala ere, aspal­di­tik zetorren kontua da; ze­hatz esanda, 2004-2005 ikas­turtetik. Ikastetxe guztietako or­dez­ka­riak, hezkuntza ad­mi­nistrazio eta udaletxeko or­dezkariak bildu ziren bileretan, eta bi batzorde osatu ziren: batetik, Batzorde Peda­gogikoa, Hez­kuntza Proiek­tuaren inguruan lanean aritu zena. Eta bestetik, Batzorde Teknikoa, bitartekoekin lotutako aspektuak landu zituena. Hausnarketa prozesu lu­zea izan zen eta makina bat bileraren ondoren, ikastetxe batzuk bateratzearen alde azaldu ziren, eta beste bat ez, zehazki Langile ikastola, «ez behintzat baldintza haietan». Azkenean, Eusko Jaur­laritzak bateratze proze­sua­rekin au­rre­ra jarraitzea era­baki du.

«Hezkuntza proiektua garatzen joan behar da»
Institutu berriak zein Hez­kun­tza proiektu izango duen galderari honakoa erantzun dio, Donostiako Hezkuntza Dele­garitzak: «Hezkuntza Proiek­tua garatzen joan behar da. Horretarako lan talde bat jarriko da martxan hori eraikitzeko. Lana hasia dago, aurreko urteetan Batzorde Pe­dago­gikoak landutakoa oinarritzat hartuta jarraitu behar da proiektua osatzen. Lan talde ho­rretan irakasle eta gurasoek parte hartuko dute, eta behar izanez gero, aditu batzuk ere bai. Helburua ikastetxe bakoi­tzak dituen gauza onenak baliatuz, denontzat proiektu on bat egitea da». «Hernanin behin betiko destinoa duten irakasle guztiak ariko dira» Hezkuntza sailaren esanetan, Bigarren Hezkuntza­ko ikastetxe bat izango da. Bigarren Hezkuntza osoa eskainiko duena, hau da, DBH, Batxilergoa eta Lan­bide Heziketako ikasketak, «horrelakoak dira Bi­garren Hezkuntzako ikastetxe gehienak». «Irakasleria izango da, oraingo lau ikastetxeetan dagoena. Berez, egun Her­nanin behin betiko destinoa duten irakasle guztiak arituko dira, orain bezala».

Agustin Iturriaga, Karmelo Labaka, Santa Barbara, eta eraikin berri bat
Azpiegitura aldetik, oraingo hiru eraikin eta beste be­­rri bat izango ditu proiek­tuak. Batetik, Agus­tin Itu­rriaga eta Karmelo Labaka eraikinak; bestetik, Santa Barbara eraikina; eta azkenik, eraikin berri bat, gimnasio, jangela, eta zerbitzu osagarrirako espazio batzuk izango dituena (teknologia gelak, plastika gelak, eta abar). Hiru urtetan egingo da fusioa Hiru urte beharko dira pro­zesu osoa egiteko. Ho­na­koa jakinarazi du Hez­kuntza sailak: «Da­goe­ne­ko zuzendaritza taldeak el­karrekin lanean ari dira. Maiatzerako gurasoekin beste bilerak egingo dira gauzak gehiago zehazteko: hurrengo ikasturterako DBHko 1go mailako an­to­laketaren berri emateko». «Ikasleei dagokienez, onar­pen prozesu bateratua egingo da, hau da, otsai­lean izena eman be­har dute: datorren ikasturtean DBHko 1go mailan ari­tuko diren ikasleek». Ikastetxe batek ez badu fusio horretan sartu nahi, aukera dauka bere kabuz jarraitzeko? Hezkuntza Delegaritzak argi eta garbi erantzun dio Hernaniko Kronikari, fu­sioan sartu behar dutela Hernaniko ikastetxe pu­bli­ko guztiek: «Ikastetxeen sarea an­to­latzea Hezkuntza Saila­ren erantzunkizuna da. Berari dagokio ezartzea eta finkatzea zenbat eta zer motatako ikastetxe pu­blikoak martxan jarri be­har diren, ikastetxe bakoitzak zenbat eskola plaza izan behar dituen... Beraz, hemendik aurrera Herna­niko Biga­rren Hezkuntza­ko eskain­tza publiko ba­karra izango da Hernanin».

Gipuzkoako Hezkuntza lurralde Departamendua:

«Bat egitea progresiboki egingo da»

Hezkuntza Depar­ta­mendua­ren esanetan, bat egitea progresibokik egin­go da:  · 2010-2011 ikasturtean DBHko 1go mailako ikasleak elkartuko dira eta Agustin Iturriagan egongo dira. 2-3-4 mailakoak oraingo eraikinetan jarraituko dute. · 2011-2012 ikasturtean DBHko 1go mailako ikasleak elkartuko dira. 2ga­rren mailakoak jada elkartuta daude, Agustin Itu­rria­ga eraikinean, eta DBHko 3-4 mailakoak oraingo eraikinetan jarraituko dute. · 2012-2013 ikasturtean maila guztietako ikasleak elkartuko dira. 1-2-3 mailakoak San­ta Barbara eraikinean ariko dira, eta DBHko 4garren mailakoak eta Batxilergokoak Agus­tin Iturriaga eraikinean. · Batxilergoko ikasleak beti Agustin Iturriaga erakinean ariko dira, eta Lanbide Hezi­ketakoak Karmelo Labakan.

Ze iritzi dute Hernaniko ikastetxeek fusioari buruz?

LANGILE IKASTOLA

«Batetik, ez dute emandako hitza errespetatu, eta bestetik Lan­gile Ikastola suntsitzen du inposizio horrek»

«2005ean Hezkuntza Dele­ga­zioak herriko ikastetxe pu­bliko guztioi 12-16 ikastetxe bateratu bat sortzeko proposamena egin zigun, eta bi urtez iraun zuen prozesu horretan, irakasle eta gurasoz osatutako lan batzordean gogor egin zen lan, ikastetxe bakoitzaren hezkuntza proiek­tua aztertuz, gutxienezko adostasun batzuetara iristeko helburuarekin. Hez­kuntza De­le­ga­zioak hitz eman zuen prozesua hasi aurretik lan horren emaitza errespetatuko zuela. Baina herriko ikastetxe pu­bli­koak oso hezkuntza proiektu desberdinak ditugu, era oso desberdinean ikusten dugu irakaskuntza, eta bi urteko lan guzti horren ondorioa izan zen: ez zegoela adostasun nahikorik aurrera egiteko. Bi urtez fusioaren berririk edu­ki gabe egon ondoren, 2009­an erabateko inposizioa eta erasokorra den agindua eman du Hez­kun­tza Dele­gazioak, hala nola 2010/2011 ikasturtetik au­rrera 12-18 urte bitarteko fusioa gauzatuko dela, nahiz eta inolako proiekturik gabeko eskola jarri nahi duten martxan, eta elkarrekin egon nahi ez du­gun komunitateak elkarrekin egotera behartzen gaituztela. Batetik, ez dute emandako hi­tza errespetatu, bestetik Lan­gile Ikas­tola suntsitzen du inposizio horrek, 2-16 ikaste­txe sen­do eta indartsu bat de­lako, ino­lako ihesik gabe, lan koordinatu bat duen hezkun­tza proiektua delako, pedagogikoki eta konpromiso aldetik sinesgarritasun handia due­na. Oso parte har­tzai­lea, eta nabarmenki aukeratua dena Hernaniko guraso gehienen aldetik, eta azkenik, Admi­nis­trazioak bere interes propioak gailendu nahi ditu gutxieneko zehaztasunik ez duen proiek­tu batean hezkun­tza bera kinka larrian jarriaz. Arrazoi guzti horiek direla medio, eta proiektu hori au­rre­ra ateratzeko abiapuntu hau oso txarra dela kontsi­de­ra­tzen duelako, Langile Ikas­tolak oraindik ere ezetz esaten dio fusioari. Gure seme-alabei heziketa eredurik one­na eskeini nahi diegu, eta horre­lako proiektu bat mar­txan jartzeak, eskatzen du, gu­txienez, denbora eta lan sakonago bat adostasun ba­tzuetara iris­teko, eta denok ilusiotik hasteko, eta ez inposiziotik. Inpo­si­zioaren bideak ez du amaiera onik izaten eta».

ELIZATXO IKASTOLA

«Fusioak Hernaniko Bigarren Hezkuntzako eskola mapa razionalizatzen du, herriari ikastetxe publiko sendo bat eskainiz»

«Lehenik aipatu behar dena zera da, Hezkuntza Delega­zioak, Lege Biltzarrean onartutako Eskola Ma­pa berria dela eta, Hernanirako pro­posatzen due­na Bigarren Hez­kuntzako Institutu berri bat dela, gaur egun dauden Bigarren Hez­kun­tzako ikastetxe publiko guztien fusiotik sortuko dena. Hau da, DBHko 3 ikastetxeak (Elizatxo BHI, Langile BHI eta Urumea BHI) eta Batxilergo eta Heziketa Ziklo­ko Hernaniko Institutua. Orain dela lau edo bost urte hasi zen ikastetxeen elkartze prozesu honetan, Elizatxo BHI ikastetxearen iritzia (Klaustroa, Ikas­te­txeko Organo Gorena eta Gu­ra­soen Asanblada) beti fu­sioa­ren aldekoa izan da. Haus­nartzen hasita, honakoak dira gure artean indar gehiagorekin agertzen diren arrazoiak: · Planteatzen den fusioak Hernaniko Bigarren Hezkun­tza­ko eskola mapa razionaliza­tzen du herriari ikastetxe publiko sen­do bat eskainiz. Bertako ikasleek DBH eta batxilergoa ikastetxez aldatu gabe egiteko aukera edukiko dute. · Ikastetxe berriaren tamaina handiegia izan gabe (askoz handiagoak diren ikastetxe publikoak badaude Donostian bertan) ibilbide edukatibo gehienak eskaintzeko aukera bermatuko du: batxilergo modalitate desberdinak, dibertsifikazio cu­rri­cularra behar duten DBHko ikasle guztientzako eta abar. · Baliabide aldetik ere, ikas­te­txe berriak (bere kokapena Her­nani Institutua eta Santa Bar­barako egoitzetan izango du) oraingoak baino instalazio hobeak eskainiko dizkie herriko ikasleei: gimnasioa ikastetxean bertan, jangelak (gaur egun herriko DBHko bi ikastetxe jangelarik gabe daude), frontoi bat eta abar. · Ikastetxe berriaren hezkun­tza proiektuari dagokionez, bistakoa da gaur egun dauden 4 ikastetxeetatik sortu behar den proiektua de­la, eta denak sare publikoko ikas­tetxeak izanik, kalitatezko hezkun­tza ari gara jadanik eskaintzen. Be­raz, gugandik sor­tzen den horrek, guztien aportazioa jasota, orain arte dagoena bezain ona edo ho­bea izan behar du nahi eta nahiez; ahaztu gabe, proiektu berriak okasio ezin hobea eskaintzen digula gure hezkuntza proiektua bultzada berri batez hobetzeko».

Urumea ikastolak eta Hernani Institutuak datorren astean emango dute iritzia

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!