Hernaniko biztanleriaren %5a etorkinek osatzen dute

Kronika - Erredakzioa 2010ko urt. 30a, 01:00

Dora Ekna
«Dena eman didate Amherren: etxebizitza, lana eta erroldatzea»
Dora orain dela 11 urte irten zen Ghanatik, baina sei hilabete daramazki Euskal Herrian; izan ere, orainarteko urte guzti horiek bere senarrarekin batera Bartzelonan pasa zituen. Bere 3 urteko alabarekin batera, Billabonan bizi da. Baina bere bizitza Hernanin egiten du: herriko emakume bat zaintzen egiten du lan, bere alabak Elizatxon ikasten du... Beraz, hemen pixu bat aurkitzea gustatuko litzaioke.

Yamileth Colonia
«Hemen bat gehiago sentitzen naiz»
Jamileth-ek duela 4 urte Kolombiatik Hernanirako bidea hartu zuen ezinbesteko gastuentzat diru nahikoa emango zion lan baten bila. Hala, etxe bateko garbitzaile moduan lan egiten hasi eta horretan jarraitzen du.
Lehenengo urtea gogorra izan zela dio, baina jendea ezagutzen joan den heinean, Hernanin geroz eta gusturako sentitzen da. Gainera, bi urte geroago, bere senarrak eta semeak etorri ahal izan zuten. Gaur egun, alkilerreko pisu batean bizi dira eta etorkizunean hemen geratzeko asmoa dute oraingoz.

Nelida Villegas
«Integratzeko lehenengo pausua norberak eman behar du»
Nelidak 3 urte bete ditu Hernanin. Txiletik etorri zen bere bikotekidearekin elkar-tzeko eta bere alabetako batekin bizi da, baina Txilen eta Estatu Batuetan beste bi seme ditu. Han, 20 urtez irakaskuntza-lanetan aritu bazen ere, hemen bi etxe eta liburudenda bat garbitzen egiten du lan. Dena den, paperak lortu berri ditu eta oso pozik dago, errazagoa izango baita gustuko duen lan bat aurkitzea. Esaterako, ping-pongeko monitore gisa; izan ere, Txileko irabazlea izan zen bi aldiz. Inguruko leku ugari bixitatu baditu ere, gehien gustatzen zaion herria Hernani dela dio: «asko maite dut Hernani eta hemen geratzeko asmoa dut». Gehien harritu zuena da, hemengo jendea asko ateratzen dela eta asko pasiatzen duela.

Fatima Nciri
«Etxe bat eta lan bat edukitzea bezain garrantzitsua da bakarrik ez sentitzea»
Hiru urte pasa dira Fatima Marokotik Madrilera garbitzaile lan-kontratu batekin iritsi zenetik. Baina bere benetako bokazioa gizarte-lana eta irakaskuntza dira. Hala, Loiolan dagoen adingabeko marokoarren zentru batean lana lortu zuen arte ez zuen etsi. Horregatik iritsi zen orain dela urte bete Hernanira, eta hasieran bere lekua topatzea zaila izan zela aitortzen badu ere, gaur egun, bere tankerako jendea ezagutu duela eta beti egiteko zerbait baduela dio. Gehien gustatzen zaiona, Donostiara joan eta pintxoak jatea da. Bestela, hemen ospatzen diren festa kopuruak harritu zuen gehien eta euskaldunok kirol asko egiten dugula iruditzen zaio.

Tahar Sami
«Hemen etxean baino gusturago sentitzen naiz»
Tahar albaitaria zen Aljerian eta bizitza eroso bat zuen bertan. Baina bere herrialdeko ezegonkortasunari ihesi eta bere ikasketak sakontzeko ilusioz, Zaragozara iritsi zen orain dela 4 urte. Han diskriminazio ugari zegoela dio eta horregatik, orain dela bi urte, Euskal Herrira etorri zen. Hernanin oso gustura bizi da eta hemen geratzea da bere asmoa. Gainera, bakarrik etorri bazen ere, orain bere emaztea hemen dago eta etorkizunean seme-alabak hezteko leku egokia iruditzen zaio. Euskal kultura oso gustukoa du; bereziki, euskal familien antolaketa.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!