Hhernaniarrek egindako odol estrakzioak igo egin ziren 2009an. Herrian bertan, anbulatorioan, 788 odol estrakzio egin ziren, eta Donostian 354. Hortaz, guztira, hernaniarrek 1.142 aldiz eman zuten odola 2009an.
Anbulatorioan 2008an baino estrakzio gutxiago
Hernaniar guztiak kontuan hartuta, 2007an baino odol estrakzio gehiago izan ziren joan den urtean. Hala ere, Hernaniko anbulatorioan egindako estrakzio kopuruak behera egin du. 2008an 788 estrakzio egin ziren Hernanin, eta 2008an 807. Hau da, aurten, 19 estrakzio gutxiago egin dira Hernanin.
Urrian estrakzio gehien
Hilabete guztiak kontuan izanez gero, urrian egin ziren estrakzio gehien, 77. Segidan, estrakzio gehien egin diren hilabeteak izan dira uztaila (74), ekaina (73), eta martxoa (71).
Estrakzio gutxien egin diren hilabeteak berriz, izan ziren apirila (51), maiatza (55), eta urtarrila (56).
Hogeita hamar odol emaile berri 2009an
Izaten dira hilabetero-hilabetero, odola ematera joaten diren herritarrak. Baina, hala ere, berrien beharra badagoela adierazi du Odol Emaileen Elkarteak. Iaz, 30 herritar berri animatu ziren odola ematera. Berri gehien urrian bildu ziren, 4.
Organo donanteei dagokienez, iaz 6 pertsonek eman dute izena.
Gipuzkoan 32.617 odol estrakzio egin ziren
Odol Emaileen Elkarteak emandako datuen arabera, Gipuzkoan ere behera egin dute estrakzioek. Joan den urtean 32.617 egin ziren, eta 2008an 32.700; hau da, 83 gehiago.
Odol Emaileen Elkarteak jakinarazi duenez, 2010eko helburuetako bat da emaile gehiago lortzea, eskaria ere geroz eta haundiagoa baita. Bestalde, baita ere adierazi dute Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa hobetu nahi dutela.
«Lankidetza beharrezkoa»
Odola norberaren borondatez ematea osagai terapeutiko estrategikoak lortzeko bide bakarra dela dio Odol Emaileen Elkarteak eta «gizarte helduaren ikurra». Hori horrela, dei egin die herritarrei: «urtarrilak eta otsailak bereziki ahulak dira odol emateetarako, beraz, gogorarazten da herritarren lankidetza beharrezkoa dela».