krisi ekonomikoaren ondorioak 2008 urte hasieran hasi ziren nabaritzen orokorrean, eta baita Hernanin ere. INEMen erregistratutako langabetu kopurua igotzen hasi zen hilabetetik hilabetara, eta ordutik, joera horri eutsi dio. Eta batez ere, 2009an izan du igoera gehien langabeziak. Joan den urteko datuei erreparatuta, Hernanik urtea, 1.073 langabeturekin amaitu duela ikusi daiteke, 2008an baino 234 gehiagorekin. 2007ko abenduan, 701 langabetu zeuden Hernanin; 2008an 839ra igo zen langabetu kopurua; eta 2009ko abenduan 1.073 zeuden.
Azarotik abendura
zertxobait jaitsi
Orokorrean, 2008ko joera berari eutsi zion langabeziak 2009an. Bi urteetan, hilabetero langabetu gehiago erregistratu ziren INEMen, apiriletik ekainera bitartean izan ezik. Hiruhileko horretan, bi kasuetan, langabezia jaitsi egin zen, ohi bezala.
Ekainetik irailera, ordea, igo egin zen, eta igoera nabarmena izan zen 2009an, aurreko urtearekin konparatuta. Irailean 90 langabetu gehiago zeuden; guztira 1.015 (2008an 71 izan ziren garai horretan langabezian geratutakoak). Eta urte bukaerarako gero eta langabetu gehiago erregistratu ziren. Dena dela, 2009an azarotik abendura langabezia jaitsi egin zen, 2008an ez bezala. Azaroan 1.079 ziren langabetuak eta abenduan 1.073; 6 gutxiago. 2008an, berriz: azaroan 798 langabetu zeuden eta abenduan 839; 41 gehiago.
35-39 urte bitarteko
gizonezkoen artean igo da langabezia, batez ere
Azken urteetan erregistratu diren langabetu gehienak emakumezkoak izan dira: 2007ko abenduan, 701 langabetutik 450 emakumezkoak ziren; 2008an, 839 langabetutik 444 ziren emakumezkoak; eta azken urtean ere halaxe izan da, baina alde txikiarekin, zehazki, pertsona baten aldearekin: 2009ko abenduan, 1.073 langabetutik 537 ziren emakumezkoak eta 536 gizonezkoak.
Krisiak biei eragin die, emakumezkoei eta gizonezkoei, baina proportzioan 35-39 urte bitarteko gizonezkoen artean nabarmen igo da langabezia. Egun langabetu gehien adin tarte horretan dago: 90. 2008an, 65 zeuden. Emakumezkoen artean berriz, 30-34, 35-39 eta 55-59 adin tarteetan daude gehien: 80na pertsona. Kasu hauetan ez da alde haundirik izan 30-34 adin tartean izan ezik; izan ere, 2008an, 57 langabetu zeuden.
Zerbitzuen sektorea eta industria, kaltetuenak
Sektoreei erreparatuz, zerbitzuetan dago langabezia gehiena Hernanin. 658 langabetu zeuden 2009ko abenduan eta horietatik gehienak emakumezkoak: 412. 2008an baino 121 langabetu gehiago zeuden sektore horretan joan den urte bukaeran. Krisiak eragina izan du baita ere industrian, 2008tik 2009ra 73 langabetu gehiago zeuden; guztira, 242. Sektore horretan gizonezkoak izan dira langabezian geratu direnak, batez ere.