Gaur bost euskal herritarren aurkako epaiketa hasiko da Entzutegi Nazionalean, Gatza auzia dela eta. Auzipetuak dira Arnaldo Otegi, Itziar Galardi, Josune Irakulis, Jon Enparantza eta Estanis Etxaburu. Azken biek prentsaurrekoa eman zuten atzo Biterin, Gatza ezagutu duten zenbait preso ohiek babestuta, eta azaldu zuten Entzutegi Nazionalak ez duela zilegitasunik euskal herritarrak epaitzeko eta beraiek ez diotela zilegitasunik eman nahi. «Ez diogu gure ibilbide politiko eta publikoko azalpenik zor. Horregatik ez gara joango, ez behintzat gure borondatez. Eraman egin beharko gaituzte».
«Gizartearen gehiengoak hala pentsatzen du»
Entzutegi Nazionalaren zilegitasun eza arrazoitzeko honakoa esan zuten: «Euskal Herriaren askatasun eta demokrazia lortzeko nahia oztopatzeko tresna errepresibo nagusienetakoa da, euskal herritar independentisten persekuzio konstantea suposatzen du, eskubide zibil eta politikoen garapena delitu bilakatu du, eztabaida eta ekimen politiko ororen zapaltzailea da; adibideak: azken sarekadak, bai gazteen aurka eta bai ezker abertzaleko kideen aurka; tortura erabiltzen du...». Horrez gain, presoen egoera, senideen elkartasuna «kriminalizatzea» eta hainbat auzi, hala nola 18/98, Jarrai-Haika-Segi eta Egunkaria izan zituzten gogoan.
Eta gaineratu zuten ez dela euren gogoeta bakarrik. «Entzutegi Nazionalaren aurkako jarrera argi ikusi da euskal gizartearen aldetik eta esan dezakegu gehiengoak hala pentsatzen duela».
Zornotzako ekitaldian parte hartzeagatik
Auzia 2005ean zabaldu zen. Jose Mari Sagardui Gatzaren espetxealdiaren 25garren urteurrena zela eta, ekitaldia egin zen Zornotzan. Bertan parte hartu zuten aipatutako bost auzipetuek eta leporatzen zaie: terrorismoari gorazarre egitea eta legez kanpo biltzea. Akusazioak Dignidad y Jusitciak eta Foro de Ermuak eginak dira eta 15 hilabete eta 4-5 urte bitarteko zigor eskaerak egin dituzte. Ostiralera arte luzatuko da epaiketa.