urrezko Koparen bigarren fasera sailkatu da Hernani, atzo Durangori 24-5 irabazita. Lehendabiziko fasea ohorezko B mailakoek jokatu dute, eta atzokoa zen finala. Orain, ohorezko A mailako Gernika, Bera Bera eta Ordizia dauzkate zain, bigarren fasea jokatzeko.
Lehenengo zatian erraz, bigarrenean lanak
Hernaniarrak nagusi izan ziren atzoko partiduan, baina bigarren zatian uste baino gehiago sufritu behar izan zuten, batez ere azken minutuetan. 3 entsegu egin zituen Hernanik lehendabiziko zatian, eta baloia ederki mugitu zuten. 19-5 joan ziren deskantsora, eta bigarren zatian indar berarekin hasi ziren. Laugarren entsegua ere egin zuten, 24-5, eta hortik aurrera etorri ziren lanak.
Durangok uste baino fisiko hobea erakutsi zuen. Partidu bukaera aldera behera egingo zutela uste bazen ere, eurak nagusitu ziren zelaian, lokatzak erabat hartutako zelaian. Hala ere, larritu beharrik ez zen izan atzo Landaren, bizkaitarrek ez baitzuten lortu indar hori aprobetxatzerik. Lehia polita, eta kiroltasun ederreko partidua izan zen, atzokoa.
Alde txarra: lesio bat izan zuen Hernanik. Jokin Esnalek min hartu zuen, eta baja luzea izango dela dirudi.
Hurrengo partiduak
Gernikaren kontra jokatuko du Hernanik lehendabiziko partidua, bigarren fasean. Otsailaren 13an izango da, larunbatarekin, eta hurrengoak martxoaren 13-14an eta 20-21ean (Landaren).