jJoan den ostegunean, Biteri kultur etxeko fatxadan lona berria jarri zuten eta horren zergatiaren eta esanahiaren berri eman du Marian Beitialarrangoitia alkateak prentsa ohar bidez. «Lona horrek fase aldaketa irudikatzen du, atez atekoa diseinatzetik gauzatzera pasa garelako», azaldu du. Horrez gain, dio Hernanik bere hondakinen %80tik gora bereizita jasotzea sekulako lorpena izango dela eta eredu aldaketa dakarrela. Eta hala azaldu du lonako irudiari erreferentzia eginda: «gaur egungo hondakinen kudeaketa ereduak haize berriak behar ditu eta leihoa irekitzen ari den emakumearen irudiak aldaketa hori iradokitzen dit. Horregatik gustatzen zait».
«Diseinua badugu,
parte hartu duten bizilagunei esker»
Prozesu parte hartzailean parte hartu duten bizilagun guztiei esker atez atekoa Hernanira egokitzea lortu dela azaldu du Beitialarrangoitiak eta diseinua badagoela. Eta gaineratu du: «bizilagun horien eskuzabaltasuna eskertu bakarrik ez, egiten ari garenari zentzua ematen diotela esan nahi diet».
Gogor lanean guztia prest egon dadin
Guztia prest egoteko eta udaberrian martxan jartzeko gogor ari direla lanean azaldu du, «nahiz eta erraza ez izan». Eta adibidetzat jarri ditu: aste honetan eman diren konpostatzeko ikastaroak eta autokonpostagailuak; otsailetik aurrera bizilagunek aukera izango dutela beraien zintzilikatzekoak non kokatuko diren ezagutzeko; dendariekin ere bilduko direla hainbat kontu lantzeko; kamioien, zintzilikatzekoen eta kuboen hornidura tramitazioak hasi dituztela; eta bilketa guneak eraikitzen hasiko direla.