hernaniko pelotariek bi final jokatuko dituzte bihar, larunbata, Mañarian eta Anoetan. Amaia Irazustabarrena eta Irati Ugaldek, Euskal Herriko elkarte arteko finala jokatuko dute, 17:00etan Mañarian, Amurrio taldearen kontra. Paleta goman ariko dira, eta orain arteko mailan aritzen badira, aukera izango dute txapelak etxera ekartzeko.
Garbiñe Tijerok eta Nagore Zabalak Anoetan jokatuko dute, 16:00etan, Suberri taldearen kontra, Gipuzkoako 2. mailako finala. Suberri taldea Anoetakoa da, eta beraz, etxean jokatuko dute; hernaniarrek, ordea, aurten irabazi diote bikote honi, eta berriz ere hala egiteko esperantzan joango dira.
Finalerdiak trinketean
Horrez gain, bihar, beste bi hernaniarrek finalerdiak jokatuko dituzte trinketean, buruz buru, Gipuzkoako txapelketan, Irurako trinketean, 12:00etatik aurrera. Nagusietan, Aritz Otaegi final gosean aterako da, Loiolatarra taldeko pelotariaren kontra. Kadeteetan, Josu Altunak ere finalerako jokatuko du Oiarperen kontra.
Gaurko partiduak
Gaur Gipuzkoako txapelketako partiduak izango dira: Arrasate/Lujanbio II-Otaegi, 20:30etan Arrasaten. Urkizu-Murgiondo/Ilunpe, 21:00etan Hernanin. Santxo-Lizeaga /Txukun Lakua, 21:00etan Hernanin. Eta Aurrera Saiaz /Ojuel-Gorrotxategi, 21:00etan Tolosan.