Euskaldunon Egunkaria itxi zutela ia zazpi urte dira, eta auziak oraindik irekita jarraitzen du. Joan den astean izan dira 5 auziperatuak Madrilen deklaratzen, eta datorren astean ere han izango dira, astelehen, astearte eta asteazkenean. Txema Auzmendi eta Iñaki Uria dira bost auziperatu horietatik bi, eta atzo izan ziren Hernanin, auziaren nondik norakoak kontatzen.
«Inpotentzia sentimendua, eta ez erosotasuna»
Txema Auzmendik azpimarratu zituen denbora honetan guztian sentitu dituzten inpotentzia eta ez erosotasun sentimenduak. «Hain argi ikusten duzu zure errugabetasuna, hain argi ikusten duzu abokatuak egiten ari diren lan ona, eta hala ere, badakizu beraien eskutan zaudela. Inpotentzia sentitzen da, eta ez erosotasuna. Gero, Guardia Zibilak zure aurrean hain lasai esatea ez zela tratu txarrik izan... oso gogorra da, eta kezka geratzen zaizu, kezka haundia». Auzmendik azpimarratu zuen, baita ere, bolada honetan jendeak babes haundia azaldu diela, eta horrek asko laguntzen duela, eta indarra ematen duela.
«Luze joango da»
Iñaki Uriak auziaren nondik norakoak azaldu zituen: «ETA eta Egunkaria lotu egin nahi zituzten nonbaitetik. Susmoa zuten, eta itxi egin zuten, frogarik gabe. Ez zuten itxi frogak zituztelako; itxi eta gero hasi ziren froga bila... eta ez dituzte bilatu». Uriak azaldu zuen, lotsagarria dela akusazioak zabaldu nahi duen mezua, «ETAren helburua euskara eta kultura ere badirenez, euskararen alde lan egiten duten guztiak ETArekin lotura dituzte».
Uriak, azkenik, salatu zuen, «Adierazpen askatasuna bortxatu dute, giza eskubideak bortxatu dituzte, eta hori dena, XXI. mendean eta Europan. Badugu esperantza, baina luze joango da». yy