Bidegorria egitea onartu du Udalak Karobieta parketik Apeaderora

Kronika - Erredakzioa 2010ko urt. 20a, 01:00

Karobieta parkea eta tren geltokia lotuko dituen bidegorria egitea onartu du Udalak. Karobieta parkea Juan de Urbieta kalean dago eta aipaturiko zatia, horraino egina dagoen bidegorriaren jarraipena izango da. Urbietako espaloia zabalduko da eta kaleari jarraituz Plaza Berriraino helduko da. Plaza Berria zeharkatzeko txapa batzuk jarriko dira lurrean, bidegorriaren nora­bidea zehaztuz. Eta plazatik Atzieta gurutzatu eta igogailuaren ondoan dagoen parkean bukatuko da. Parkea birmoldatu egingo da, zabaldu, eta bertan bizikletak uzteko tokia ere jarriko da. Igogailutik jaitsita tren geltokira heltzen da, beraz, horrela lotuta geratuko da Karobieta parkea eta tren geltokia. Dena dela, igogailua hartu gabe ere, egongo da aukera Apeaderora jaisteko bizikletan; izan ere, Zinkoe­neatik abiatuta, Balantxako aldapa jaitsi eta tren geltokiraino bidegorria egiten ari dira. San Joanetarako izango da bukatuta.

Asmoa zirkuitu bat osatzea eta herri guztia lotzea
Karobieta parkea eta Apeaderoa lotuko dituen bidegorria eta Balantxakoaz gain, beste hainbat bidegorri ere egingo dira urte honetan eta datozenetan. Esaterako, Zinkoeneatik abiatu eta Zikuñagara helduko dena. Txantxillan egiten ari diren errepide berrian ere izango da, eta aurreikusia dago Lizeaga auzoa zeharkatzea... Asmoa da bidegorria herri guztiko auzoetatik pasatzea eta zirkuitu bat osatzea herri guztia lotuz. Zatika-zatika osotasuna hartzen joango da Hernaniko bidegorria.

Espainiako Gorbenutik finantziazioa
Espainiako Gobernuak 2.078.796 euro bideratu ditu aurten, Hernaniko Udalera, eta diru kopuru horrekin finantziatuko da Karobieta parkea eta tren geltokia lo­tzen dituen bidegorria. Horrez gain dirua izango da Ave Ma­ria proiekturako eta Udaleko ohiko gastuetarako. Proiektu bakoitzaren kostua honakoa da: 1.376.465 euro Ave Maria, 371.605 bidegorria eta 330.724 Udalaren ohiko gastuak.

Behin onartuta, lanak hasi
Espainiako Gobernuak 20 egunen barruan emango du Hernaniko Udalak egindako eskariari erantzuna. Eta onar­tu bezain pronto hasiko lirateke lanak. Aurretik la­nak egiteko enpresak kontratatuko ditu Udalak. Behin obrekin hasita, Villa Ave Mariako lanak 5 hilabeteko iraupena izango duela aurreikusten da eta bidegorriarenak 6 hilabetekoa.

Ingurumenera eta paisaia berreskuratzeko lanetara zuzendu dirua
Espainiako Gobernuak E plana deiturikoaren bidez zuzentzen du diru kopurua Estatuko Udal ezberdinetara. Plan hori krisia dela eta jarri zuen Zapateroren Gobernu­ak martxan, udale­txeei nabar­men jaitsi zaizkielako diru sarrerak. Diru hori erabil­tzeko baldintza batzuk izaten dira tartean, eta aurten, baldintza izan da, ingurumenera eta paisaia berreskuratzeko lanetara zuzen­tzea dirua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!