historia HAU 1673KO irailaren hasierako egun batean gertatzen da, Urumeako erriberako parajeren batean. Bi emakume dira protagonista. Biak euskaldunak, biak ustez ´odol garbikoak`. Itxasburu baserriko Frantziska Orozko, errotara doa gari ale batzuk ehotzera eta bidean topo egiten du bere auzoa den Iparragirreko Katalina Bereteretxearekin eta beste hainbat lagunekin. Orduan, Bereteretxeak, irain oso larria botatzen dio Itxaburukoari, garai haietako dokumentu batean horrela jartzen du esan ziola: ´...que era agote depediente por linea recta de agotes y que su padre fue puro agote de mala raza y otras injurias...`. Emakumeak kartzelan bukatu zuen. Baina zein ziren agote horiek? Ba al zegoen agoterik Hernanin? Zer egin zuten holako mespretxua jasotzeko?
Goduak? Kataroak? Ijituak?...
Frantzian cagot deitzen zieten, Bretainian caqueau, Ipar Euskal Herrian chrestiaak (kristau berriak) eta Nafarroan agot zuten izena. Teoria ugari dago agoteen jatorriaren inguruan. Batzuk esaten dute goduen ondorengoak zirela, beste batzuek, berriz, Erdi Aroko kataro iheslariak zirela; sarrazenoekin, ijitoekin eta legendunekin (leprosoak) ere nahastu izan dituzte... Baina gaur gaurkoz, inork ez du ezer demostratu gizatalde honen jatorriari dagokionez. Jakin badakiguna da haien inguruko sineskera eta mitoak asko izan zirela: gaizki usaintzen zutela, hanka okerrak, odol argikoak, buztandunak, kutsakorrak zirela, madarikazioak jota zeudela... Teoria antropologiko-zientifiko zalantzagarriak ere izan dira haien inguruan (Rh-aren tasa bajuagoa, belarri gingilik ez izatea, ile hori eta azal zuriagoa edukitzea...). Horren ondorioz diskriminazio latza jasan izan zuten; eskubiderik txikienak ere ukatzen zizkieten agoteei.
Dirudienez Pirinioetako bi aldeetan kontzentratu ziren hasiera batean agote gehienak (Arizkungo Bozate auzoan, besteak beste), lehen berriak XIII. mendekoak dira eta oraindik badaude bailara horietan jasan zuten diskriminazioaren arrastoak. Esaterako, ezagunak dira Nafarroako zenbait elizatan ´Agoteen atea` deitutakoak, pertsona horiek debekatuta baitzuten elizara ate nagusitik sartzea.
Baina handik beste lurralde batzuetara salto egin zuten agoteak asko izan ziren, Gipuzkoara adibidez, eta probintzia honetan agoteen inguruko berri ugari aurki daitezke egungo artxiboetan.
Juanot danbolin jolea
Katalina Bereteretxea kartzelan zela, agintariek galdeketa egin zien Hernaniko hainbat laguni gertatutakoa argitzeko. Antza, Frantziska Orozkok arrantza egiteko sare batzuk lapurtu zizkion Katalinari eta honek horregatik ´iraindu` zuen agotea zela esanez. Frantziskak sekulako jipoia eman zion Katalinari bere senarraren laguntzaz, eta auzitan sartu zuen gainera. Baina badirudi Frantziska egiaz agotea zela, edo hori uste zuten bere bizilagunek: ´...que era el agote de Echaspuru, llamada por la ‘Chiquiritona’ y que era publico y notorio que por mal nombre llaman `Chiquiritona’ a la dicha Francisca de Orozco...`. Neurri batean ulergarria izan liteke Frantziskaren erreakzioa, agotea bezala ´markatzen` bazuten, betirako diskriminatua eta gutxietsia izateko arriskuan zegoen-eta.
Agote ugarik ez zuten onartzen beren jatorria eta asko ziren epaitegietan pelean aritu zirenak ´odol garbikoak` zirela demostratu nahian. Ez zen gutxiagorako, zeren eta agoteek ezin zuten jabetzarik eduki, ezin zuten elizan gainerako pertsonekin eseri, debekatua zuten abere edo jatekorik ukitzea ´kutsakorrak` zirelako... Horregatik, beste lanbide ez hain ´duinetan` ibili ziren, arotz bezala adibidez. Beste asko musikariak ziren, batez ere danbolin joleak. Gipuzkoan zeuden kanpotar eta atzerritarren inguruko 1528ko inkesta batean, hernaniar ugarik esan zuten bazekitela Astigarragan agote bat bizi zela: ´Juanot danbolina, Hernaniko emakume batekin ezkondua eta agoteen kastakoa`, zioten.
Mendeetan, euskaldun guztiak ´aita onen semeak` (hidalgoak) zirela esan izan zen eta baliteke agoteen eta kanpotik etorritako beste talde batzuen kontra egondako jarrera itsua eta itsusia hortik etortzea. Baina beste askoren ustez, apartheid horrek interes ekonomiko hutsa ezkutatzen zuen atzean, gizarteko sektore batek terrenoak jabetzan ez izatea lortzen baitzen horrela.
Joanes Agirre Ezpeletakoa, Hernanitik bota zuten agotea.
XVI. mendetik Gipuzkoako Diputazioko Juntak behin eta berriz agindu zuten agote eta ´arraza txarreko` beste jendeak probintziatik botatzeko. Baina badirudi udal agintariek ez zutela esfortzu gehiegi egiten agindu horiek betetzeko, agoteekin berebiziko arazorik ez zegoenaren seinale. 1588tik aurrera, ordea, Juntak jarrera gogortzen du eta expulsioan laguntzen ez dutenei isunak jartzen hasten da. Hernanin alkateari hamar dukaduko multa jarri zioten arrazoi horrengatik. Garai haietan Joanes Agirre Ezpeletakoa izeneko ustezko agote bat bizi zen gure herrian, kupelgilea lanbidez, eta probintziatik joateko mandatua zuten berak eta bere semeak. Agirre, Iparraldeko Monjalos herrikoa zen berez, baina herritarrek ´Ezpeletakoa` zela uste zuten eta Lapurdiko herri hartan agoteen kontra zeuden arau zorrotzak hartu zituzten aitzakiatzat Hernaniko kupelgile gizagaixoa salatzeko eta jazartzeko, azkenean herritik botatzea lortu zuten arte.
Eta gaur?
Denborak aurrera egin ahala agoteen kontrako bazterketa isilduz joan zen eta Gipuzkoan azkeneko berriak XVIII. mende amaierakoak dira. Hala ere, jakina da Nafarroan XX. mendera arte iraun zuela bazterketa horrek, nahiz eta egun, Bozate bezalako auzoetan, erabat gainditutzat duten iragan hori. Beraz, abizen eta mitoetatik harago, apenas iritsi zaigu ezer. Agian, historia horretatik geratzen den gauza bakarra agoteek jasan zuten bazterketa eta ´madarikazioa` da, beste komunitate batzuetan islatuta: ijitoak, immigranteak... Edo gure arbaso xenofobo horiengandik hainbeste ezberdintzen garela uste al dugu?