gipuzkoako Foru Aldundiak onartu egin du Udalak Karabel auzorako bultzatutako hirigintza fitxa. Fitxaren edukia Karabeleko SU-19 Areara zuzentzen da, hau da, Urumea ibaiaren ezkerraldean dagoen eremura. Dokumentuak aurreikusten du Karabel auzoa urbanizazio aldetik hobetzea eta horretarako egingo dituzte: zonaldeko bide sarea osatu eta egonkortu, gune libreak haunditu, aparkalekuak hobetu, gizarte ekipamenduak jarri eta etxebizitza berriak egin. Aurreikusten da 140 etxebizitza egitea, horietatik 60 Babes Ofizialekoak.
Zubia aldatu eta zenbait eraikin kendu
Eneko Goia foru bozeramaileak asteartean eman zuen onarpenaren berri, eta azaldu zuen etxebizitza berriak SU-19.3 lurretan egongo direla. «Eraikigarria den zabalera 15.500m2-koa da; horietatik, 350m2 komertziorako izango dira eta gainerakoak etxebizitzetarako».
Garatu nahi den eremuak guztira 92.051m2 ditu eta muga ditu trenbidea, industria gunea eta ibaiertzeko lurrak. Goiak argitu zuen, eremu horretako antolaketa zehatza etorkizunean egingo den Hiri Antolaketako Plan Bereziaren bidez egin behar dela. Eta gaineratu zuen «Karabeleko zubia aldatu eta ibaitik eta zubitik gertu dauden ezkerraldeko zenbait eraikin kendu nahi dira».
Jaurlaritzako Uretako Zuzendaritzak ezarri
baldintzak eta kargak
Hirigintza fitxak dio, bi kasutan, Eusko Jaurlaritzako Uretako Zuzendaritzak ezarriko dituela programazio baldintzak eta zonalde horretan egingo denari ezarri beharreko kargak. Kasuak dira: Urumea ibaiaren azterketa hidraulikoa; eta antolaketa azterketa ibai-ahoaren eta Altzuetaren artean.
Hobenkuntza hidraulikoa finantziatzeko, Uraren Euskal Agentziarekin
hitzarmena
Hobekuntza hidraulikoarekin zerikusia duten jarduerak finantziatzeko, Udala hitzarmena sinatzekoa da Uraren Euskal Agentziarekin (URA). Bertan zehaztuko da agente bakoitzaren ekarpen ekonomikoa. Diputazioaren arabera, «URAk konpromisoa hartzen du kostuen zati haundi bat bere gain hartzeko».
Zubipeko kirol instalazioak eta bertako etxebizitzak
egonkortu
Aipaturiko hirigintza fitxak Zubipeko kirol instalazioak (futbol zelaia eta errugbi zelaia) eta bertan diren etxebizitzak egonkortzea ere biltzen du.