añarbeko Urak enpresak urteko balantzearen berri eman dio Kronikari eta azaldu du, Añarbek Udaletara zuzentzen duen ur kopurua, 2008an baino, %7 gutxiago izan dela 2009an. Añarbeko ura erabiltzen duten herriak hamar dira: Hernani, Donostia, Errenteria, Lasarte-Oria, Pasaia, Oiartzun, Urnieta, Lezo, Usurbil eta Astigarraga. Hori horrela izatearen arrazoia honakoa dela azaldu du: «Sarean egin ditugun hobekuntzen eraginez izan da hori, batez ere; hala nola: depositoak errehabilitatzea, jarioak kentzea, tuberia zaharrak aldatzea...)».
Prezioak mantendu 2010ean
Eskaria jaisteak dakartzan ondorioei dagokienez, argitu du: «kontsumoa jaisteak metro kubikoaren prezioa garestitzea dakar; dena dela, Añarbek prezioak berdin mantenduko ditu 2010ean, ekonomikoki egoera zailean baitaude tokiko Haziendak eta orokorrean, herritarrak».
1995etik kontsumoa jaisten
Añarbetik jakinarazi dutenez, kontsumoa jaisten ari da 1995 urtetik, (1999, 2000 eta 2003 urteetan izan ezik) eta 14 urte hauetan, denera, %34 jaitsi da.
«Eskaria jaitsi izanak lotura zuzena du ingurumena zaintzearekin eta gestio onarekin, horrekin lortzen baita baliabide naturalak gutxiago erabiltzea eta eragin kaltegarriak gutxitzea (CO2 gutxiago isurtzea...). Eta guztia herrietako zerbitzua ahalik eta onena izanda».
Prezipitazioak erregularrak eta urtegia %70etik gora
momentu guztian
Datuei erreparatuz, 2009an prezipitazioak erregularrak izan dira eta Añarbeko urtegiko prezipitazioak, izan ohi direnak baino %1 gehiago izan dira. Neguan esaterako, euria mediatik gora egin zuen (590 l/m2); udaberria ere normala baino hezeagoa izan zen (532 l/m2); udan behera egin zuen (328 l/m2); eta udazkenean ohiko prezipitazio gogorrak itzuli ziren (627 l/m2).
Prentsa oharrean azaltzen denez, «Añarbek urtero 2.000 l/m2 biltzen ditu bataz beste, eta horrek eta kontsumoa gutxitzeak, eragin du urtegia %70etik gora beteta egotea momentu guztian».
«Elurteek eraginik ez»
Azken egunetan izan diren elurteek urtegian eraginik izan duten galdetuta, Iban Zubeldia Añarbeko komunikazio arduradunak Kronikari azaldu dio, ur maila mantendu egin dela urtegian. «Urtegia ez dago oso altu, itsas mailatik 150 metrora dago, eta maila horretan ez du hainbesterainoko elurrik egin. Eragina izateko, denbora gehiagoan egin behar du elurra».