Ave Maria parkea egiteko proiektua onartu zen atzo Tokiko Gobernu Batzordean. Proiektu hori subentzionatuko da Zapatero Planaren bidez eta oraingoz lehenengo fasea bakarrik egingo da. Jose Luis Loinaz proiektuaren arkitektoak azaldutakoaren arabera, proiektua bi fasetan dago banatua eta lehenengo fasean, parke pribatu izatetik publiko izatera pasatzeko beharrezko lanak egingo dira. Horren barruan sartzen dira: sarrerak eta bideak egitea, argiak jartzea, eta zuhaitz eta jardinak txukuntzea. Lehenengo fase horren kostua 1.376.000 euro da. Asmoa da lehenbailehen hastea obrak.
2garren fasean, lan osagarriak
Loinazek azaldutakoaren arabera, bigarren fasean egingo liratekeen lanak aurrekoa osatzeko lirateke. Fase hori aurrerako geratuko da, printzipioz. Bertan sartuko lirateke: estanke bat, uretako landare eta ur-saltoarekin; koloretako lorez osatutako lorategia, miradorearekin, eta haurrentzako jolas gunea. Estankea egitea 480.062 euro kostako da; lorategia egitea 167.437 euro; eta jokuak jartzea 130.500 euro.
Latsunbe eta igerilekuetatik sarbideak, lorategia, eta Antziolan jokuen gunea
Proiektuak Mugarik gabe du izena, helburua baita, parkea norabide guztietan zabaltzea; hau da, parkerako sarrera-irteerak herriko bazter askotatik egitea eta parke bezala funtzionatzeaz gain, auzoen arteko pasabide ere izatea.
Parkeak bi sarbide nagusi izango ditu: bat Latsunbe auzotik, eta bestea Eduardo Chillida pasealekutik, igerileku irekien ingurutik. Sarbide nagusia Latsunbekoa izango da eta bertan harrera leku baten antzekoa egingo da, iturri eta bankuarekin. Bertatik ranpa bat egingo da gurpildun aulkiekin parkera sartzeko.
Igerilekuetarako pasabidea ´airean` egingo dute, lurretik 40 cm altxata, alegia. 10 metro zabal izango ditu, hasieran 18 metro zabalekoa egitea pentsatzen bazen ere.
Geiser eta ur-askarik ez
Jose Luis Loinaz arkitektoak azaldutakoaren arabera, hasieran aurkeztutako lanean, 10 metroko Geiserra jartzea proposatzen zuten (ur-txorrotada altua), ur-askarekin, baina azkenean kentzea erabaki dute. «Ave Maria parkearen ezaugarri nagusia da herrigunean bertan egonda, naturaz gozatzeko aukera duzula, sekulako lasaitasun eta isiltasunarekin, eta Geiserrak zarata gehiegi aterako luke. Hala ere, uraren presentzia beharrezkoa ikusten zen eta horren ordez, estankea izango luke».
Koxka elkartearekin bilera
Joan den ostegunean, Hirigintza eta Ingurumen batzordean aurkeztu zuen proiektua Jose Luis Loinaz arkitektoak. Bertan, Koxka ezinduen elkarteko kideak izan ziren eta bilera hitzartu zuten Loinazekin. Asmoa da, proiektuak kontuan hartzea ezintasunen bat dutenen egoera eta beraientzat ere behar bezala egokitua egotea. Koxkakoek beraien ikuspuntuaren berri eman nahi diote.