Aurtengo Tasa eta Zergaren egutegia onartua dago, eta aurki izango dira foiletoak etxeetan, zergak ordaintzeko epe horiek zehaztuta. Horren harira, Kronikak Ana San Sebastian, Udaleko Errenta saileko langilearekin hitz egin du zergen nondik-norakoa jakin nahian. San Sebastianek argi utzi nahi izan du gauza bat: «zergak aurten ez dira igo. Berdin mantenduko dira». Eta gaineratu du, «jendea urarekin kezkatuta dago eta esaten da pila bat igo dela, baina hori ez da horrela».
«Ordainagiria garestiagoa, epea zabaldu delako»
San Sebastianek argitu duenez, urari dagokionean, iaztik sistema aldatu egin da. «Lehen 3 hilabetero ordaintzen zen ura. Orain berriz, 4 hilabetero, horregatik ordainagiria garestiagoa da epea zabaldu delako, baina ez ura garestitu delako. Kontuan izan behar da hilabete bat gehitzen zaiola ordainagiri bakoitzari».
«Minimoak desagertuta orain jendeak ordaintzen du gastatzen duena»
Epea zabaltzeaz gain, bada aldatu den beste kontzeptu bat. San Sebastianek dioenez, lehen minimoak ordaintzen ziren, estolderia izenez ezagutzen zena, eta orain hori desagertu da eta saneamendu zerbitzua ordaintzen da. Horrek esan nahi du: «lehen, minimo bat ordaindu behar zuten denek, eta ur kantitate bat sartzen zen. Gehiago gastatuz gero, gehiago ordaintzen zen. Baina sistema horrekin, ´kaltetuak` nolabait esateko, bakarrik bizi zirenak ziren, minimo hori gastatu ez arren, ordaindu egiten zutelako. Orain zerbitzu bat ordaintzen dute denek, saneamendua, baina hori aplikatzen da erabiltzen duten uraren arabera. Uraren gastuaren %75a da».
Ordaindu beharrekoa
guztira
San Sebastianek azaldutakoaren arabera, zerbitzu-kuota finko bat ere badago, eta hori ezartzen da norberak bere etxean duen kontagailuaren kalibrearen arabera. Esaterako, 13 mm-ko kalibrea izango litzake: 17,27 euro. Edo 25eko kalibrea: 25,30 euro.
Horrez gain, bakoitzak zenbat gastatzen duen izan behar du kontuan. «65 m3 bitarte: metro kubiko bakoitza (1.000 litro) 0,48 zentimo ordaintzen da. Hortik aurrera: metro kubiko bakoitza 0,89 zentimo dira (ia bikoitza). Hori etxebizitzei dagokienean. Beraz, honakoa litzateke ordaindu beharrekoa: erabilitako uraren balioa+saneamendua+zerbitzu-kuota+0.7ko BEZak», azaldu du San Sebastianek.
«Kontuan izan data»
«Ordainagiriaren datan fijatzeko eskatuko nioke jendeari, kontuan izan behar da lau hilero ordaintzen dugula, eta erreziboa lau hilekoa bukatu eta hilabete batzutara egiten dela. Hau da, orain ordaintzen ari gara udaran gastatutakoa, eta azken lau hilabeteko gastua apirilean helduko zaigu».
Zerga guztiak berdin
Urarena da kezka gehien sortu duen zerga, aurretik aipatutakoagatik. Gainontzeko zergei buruz esan behar da, baita ere, berdin ordainduko direla, hau da, iaztik ez dela igoerarik izango.
Egutegi fiskala
Trakzio mekanikoko ibilgailuak: 2010eko otsailaren 22tik 2010eko apirilaren 9ra arte.
Ur hornikuntzaren eta saneamendu zerbitzuaren tasa 2009ko azken 4 hilabeteak: 2010eko otsailaren 22tik 2010eko apirilaren 9ra arte.
Ondasun higiezinen gaineko zerga: 2010eko maiatzaren 17tik 2010eko uztailaren 2ra arte.
Ur hornikuntzaren eta estolderia zerbitzuaren tasa. 2010eko 1go lauhilekoa: 2010eko ekainaren 21etik 2009ko abuztuaren 6ra arte. 2garren lauhilekoa: 2010eko urriaren 18tik 2010eko abenduaren 3ra arte.
Zabor-bilketaren tasa. 2010eko 1go seihilekoa: 2010eko martxoaren 31tik 2010eko maiatzaren 14ra arte. 2garren seihilekoa: 2010eko urriaren 1etik 2010eko azaroaren 10a arte.
Ibilgailuen espaloi bidezko sarrerari dagokion tasa: 2010eko maiatzaren 31tik 2010eko uztailaren 16ra arte.
Ekonomia-jardueren gaineko zerga: 2010eko urriaren 1etik 2010eko azaroaren 10a arte.