PELOTApelota partiduz gainezka dator asteburua. Hernaniko pelotariek 12 partidu izango dituzte guztira, horien artean bi, finalerdietakoak.
Palako finalerdiak
gaur kiroldegian
Gaur arratsaldean, Hernaniko bi bikotek finalerdietako partidua izango dute. Jaialdia Lizeaga eta Perezek hasiko dute, 16:00etan, Intxaurrondoren kontra. Ondoren, bigarren eta hirugarren partiduak, finalerdietakoak izango dira. Bigarrenean, Pagola eta Otxotorenak Suberriren kontra jokatuko dute. Eta azkenekoan, Tijero eta Zabalak Urnietaren kontra.
Seniorrek Elorrio eta Iruran izango dute partidua
Seniorrei dagokienez, hiru partidu izango dituzte pelotariek, horietako bi trinketekoak. Eskuz, Ojuel eta Gorrotxategik jokatuko dute Berriotxaren kontra. Partidua Elorrion izango da, arratsaldeko 17:00etan hasita.
Trinketeko bi partiduak berriz, Iruran jokatuko dira, 12:00etan hasita. Aurrenekoan, aurrez aurre izango dira Aritz Otaegi eta Aurrera Saiazeko pelotaria. Bigarrengoan Eñaut Esnaolak jokatuko du Usurbilen kontra.
Paletan Mañarian jokatuko dute jubenilek
Jubenil mailan, paletan, Goikoetxea eta Gutierrezek izango dute gaur partidua. Bizkaian jokatuko dute, Mañarian, Galipa taldearen kontra, arratsaldeko 16:00etan hasita.
Alebinak eta Infantilak, Urnietan, Lasarten eta Andoainen
Maila txikienei dagokienez, Urnietan bi partidu izango dira, 16:00etan hasita. Alebinetan, Loiarte eta Pagolak jokatuko dute Gaztelekuren kontra; eta infantiletan Hernani eta Noblek izango dute partidua, Mundarroren kontra.
Infantil mailan baita ere, Iriondo eta Agirrezabalak Mundarroren kontra jokatuko dute, 16:00etatik aurrera, Lasarten. Eta azkenik, Cisneros eta Perezek Ziotzaren kontra jokatuko dute, 17:30etan, Andoainen.
Berria Txapelketa
Urteko txapelketarik garrantzitsuenetakoa gaur aurkeztuko dute. Berria txapelketaren VIIgarren edizioaren nondik norakoak azalduko dituzte, goizeko 11:00etan, Andoaingo Martin Ugalden.
Hutsik egin gabe, aurten ere Hernaniko pelota elkarteak parte hartuko du txapelketan, bazkide moduan, eta antolakuntzan. Hortaz, Hernaniko afizionatuek kanporaketa askotaz gozatzeko aukera izango dute Hernanin bertan. Hauez gain, finala ere bertan jokatuko da.
Txapelketan 24 taldek hartuko dute parte, 8 Gipuzkoakoak (tartean Hernani), 8 Nafarroakoak, 5 Bizkaiakoak, 2 Arabakoak eta 1 Iparraldekoa.