Herriz herriko hedabide irakurrienak, interneten, web orrialde bakarrean

Kronika - Erredakzioa 2010ko urt. 8a, 01:00

Guztira 20 hedabidek sortu dute www.tokikom.com, aldizkari eta egunkari. Herri edo eskualdeetako hedabideak dira, eta denen artean, 220.000 irakurle dituzte.

TOKIAN tokiko 20 hedabide irakurrienek, bat egin, eta interneten orrialde be­rria sortu dute, www.tokikom.com. Web orrialde horretan, irakurleak herriz herriko informazioa irakurriko du; informa­zio osoa eta momentukoa, herri horietako aldizkari eta egunkariek ematen dutena. Web orrialde berri hau sortu dutenak dira, Tokikom taldea osatzen duten hedabideak (tartean, Hernaniko Kro­ni­ka). Denak euskerazko hedabideak dira, eta Topagunea euskara elkarteen federazioko kide dira guztiak.

20 hedabide, ezaugarri berdinak
Tokikom.com 20 hedabideren artean sortu dute, eta laster gehiago izatea espero dute, Topaguneako hedabide guztiak ez baitaude, oraindik, orrialde honetan. Aldizkari eta egunkari hauek badituzte ezaugarri jakin batzuk: informazio lokala edo bailarakoa eskaintzen dute, euskaraz, modu errazean, eta berak dira irakurrienak, norbere eremuan. Irakurle gehienen onarpena dute, herrian erabat txertatuak daude, eta hala diote azken urteetan egin diren azterketa guztiek (Aztiker, Ikertalde, CIES...). Alderdi eta erakundeen babesa daukate, informazio erabat plurala eskaintzen dutelako, eta euskerazko hedabideak izanagatik, erdal komunitateak ere irakurtzen du (zenbait etxetan sartzen den euskerazko produktu bakarra dira, hedabideok). Herrietako informazioa, momentuan Tokikom web guneak, herriz-herriko informazioa du oinarri. Hedabideek euren web orrialdeetan publikatzen dituzten albisteak, momentu berean argiratuko dira www.tokikom.com helbidean. Horrela, web orrialdera sartzen den irakurleak, berari interesatzen zaion herri edo eskualdeko informazio eguneratua izango du, eskuragai.

Tokikom.com, beste web orrialdeetan
Tokikom web orrialdean argitaratzen den guztiak, bestalde, tokian-tokiko hedabideen web orrialdeetan ere bere lekua izango du. Horretarako, hedabide horiek web orrian atal bat izango dute, Tokikom.com izenekoa, eta bertan, automatikoki eguneratuko da Tokikom.com-eko informazioa.

Publizitate eskaintza bateratua, 220.000 irakurleko merkatua
Tokikomeko aldizkari eta egunkariek publizitate merkatu haundia daukate, eta euren tokian tokiko informazioa, tarifak, eta baldintzak, web orrialde be­rrian izango dituzte, bezeroaren eskura. Horrez gain, publizitate eskaintza bateratua ere eskainiko da. Guztira 220.000 irakurle dituzte hedabideok, oso interesgarria eta eraginkorra izan daitekeen merkatua, herri edo eskualde jakin batetik urrunago iritsi nahi duen edozein bezerorentzat.

Komunikabideak ezagutu
Tokikom.com helbidera sartzen denak aukera dauka hedabide bakoitzari bu­ruz­ko informazioa lortzeko. Horre­ta­rako nahikoa du, berak nahi duen herri edo eskualdearen gainean klik egitea, eta hedabideari buruzko informazioa jasoko du: datuak, kontaktuak, harremana... Honakoak dira Tokikom osatzen duten aldizkari eta egunkariak:
•...Eta Kitto! (Eibar) •Aikor (Txorierri)
•Aiurri Astekaria (Beterri-Buruntza)
•Aiurri hamaboskaria (Beterri-Aiztondo)
•Anboto (Durangaldea)
•Asteleheneko Goienkaria (Debagoiena)
•Barren (Elgoibar)
•Begitu (Arratia)
•Berton (Mahatserria)
•Drogetenitturri (Ermua, Mallabia)
•Goienkaria (Debagoiena)
•Guaixe (Sakana)
•Hernaniko Kronika (Hernani)
•Karkara (Aia, Orio)
•Otamotz (Urretxu-Zumarraga)
•Pil-Pilean (Soraluze)
•Prest (Deustualdea)
•Ttipi-Ttapa (Baztan-Bidasoa-Malerreka)
•Txintxarri (Lasarte-Oria)
•UK (Uribe Kosta).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!