MOBILIZAZIOAK hasi ditu Langile ikastolak, Eusko Jaurlaritzak hartu dituen bi erabakirekin ados ez dagoelako. Batetik, matrikulazio kopurua 75 umetara mugatu du Jaurlaritzak; eta bestetik, datorren ikasturtean, Hernaniko ikastetxe guztien fusioa agindu du. Alegia, datorren ikasturtean, 12 urtetik gora dituzten ikasleak, ikastetxe bakar batean ikasiko dute, Hernanin matrikulatzen badira. Matrikulazioak datorren otsailean egingo dira. Langile ikastolak urtarrilean egingo du Batzar Orokorra, eta hor erabakiko du agindu hauen aurrean zein jarrera hartuko duen. Bitartean, salatu egin dute agindua emateko modua, «inposizio moduan iritsi delako eta beste aukerarik eman ez dutelako».
«Fusio horri buruz 2 urtean eztabaidatu genuen»
Kistiñe Lujanbio eta Urtzi Errazkinek, Langileko Organo Goreneko kideek Kronikari adierazi diotenez, Hernaniko ikastetxeak fusionatzeari buruz aspaldi ari dira hizketan. Orain dela lau urte hasi zituzten bilerak, Hernaniko ikastetxeek, eta bi urtean landu zuten gaia. Handik txosten bat atera zen, eta txosten hark zioen, ados zertan zeuden eta zertan ez. Lujanbiok eta Errazkinek Kronikari adierazi diotenez, ez-adostasun haundienak ziren: hezkuntza proiektuari buruzkoak eta gurasoen parte hartzeari buruzkoak.
«Baldintza horietan, Langilek erabaki zuen fusioari ezezkoa ematea»
2007an txosten hura kaleratu ondoren, Langileko Batzar Orokorrak erabaki zuen, fusioari ezezkoa ematea, baldintza horietan egiten bazen. Lujanbiok eta Errazkinek diotenez, «hezkuntza proiektuan ez genuen adostasunik, eta ezta ere beste gauza garrantzitsu askotan; baldintza horietan, Langilek ez zion fusioari baiezkorik eman».
Horrek, dena dela, ez du esan nahi Langile fusioaren kontra dagoenik. «Guk eztabaidatu egin nahi ditugu kontu horiek, funtsezkoak direlako. Ezezkorik emateko aukerarik ez digute eman ordea, eta hori inposizioa da».
«Matrikulazio kopurua mugatzen badute, gurasoen eskubidea urratuko dute»
Delegaritzaren beste erabakia da, matrikulazio kopurua 75 umera mugatzea. Horren arabera, Langile ikastolak urtero 30 ume kanpoan utzi beharko ditu, Langileko bi gelaburuen esanetan. «Gogorrena da, gurasoek, teorian, eskubidea daukatela eurek nahi duten ikastetxean haurrak matrikulatzeko».
Langilek 4 linea izatea erabaki zuen bere garaian, ez gehiago eta ez gutxiago, bi arrazoiengatik: 1) matrikulazioak sobra ematen zuelako 4 linea osatzeko; eta 2) muga hor ikusten zuten azpiegiturak gehiagorako ematen ez zuelako. Jaurlaritzaren aginduaren arabera, Langilek 3 linea bakarrik izango ditu hemendik aurrera. «Oraingo ikaslerik ez da kanpoan geratuko, baina urteko matrikulazio berriak 30 gutxiago izango dira, gutxi gorabehera».
Mobilizazioak urtarrilean
Langilek dagoeneko hasi ditu mobilizazioak, eta urtarrila bukaera bitartean egingo ditu. Kontzentrazioak egingo ditu, ostegunero, 17:00etan Urbieta kalean; eta urtarrilaren 19an, 12:30etan, Donostiako Delegaritza aurrean (Andia, 13).