Erdi prezioan hasi da merkealdia

Kronika - Erredakzioa 2010ko urt. 8a, 01:00

Errege Magoak joanda, Gabonak bukatu eta neguko merkealdia hasi zen atzo Hego Euskal Herrian. Martxoaren 31ra arte luzatuko da gehienez, baina herriko dendaren batean edo beste, otsailarekin batera bukatuko da, martxoan udaberri-udako kanpaina jartzen baita martxan.

Beherapen haundiak
Lehen egunaren berri jakin asmoz, herriko Yone Bouti­que eta Valen dendetan ibili da galdezka Kronika. «Krisia dela eta, neguko salmenta kaxkarra izan da, eta horregatik beherapen haundiak jarri dira lehenengo egunetik», azaldu diete Kro­nikari Valengo Jose Giraldok eta Yone Boutiqueko Benito Giraldok. Kolpera erdi prezioan jarri dituzte produktu asko eta gainerakoan, %25 eta %30eko deskontuak daude. Biek azaldutakoaren arabera, «aukera zabala dago oraindik, kalitatezko produktuak eskuratzeko».

Mugimendua gaurtik aurrera espero
Benito Giraldok dionez, gaurtik aurrera espero dute herriko merkatariek mugimendu gehien, «batez ere jendeak lehenengo bi egunetan zentro komertzialetara joateko ohitura duelako, tristea bada ere. Ez da prezio kontua ezta kalitatea edo aukera kontua ere, hartu den ohitura baizik».

Kalerako arropa batez ere
Jose Giraldok aipatu duenez, «Gabonetan zehar barruko eta etxerako arropa saldu da gehienbat eta orain, merkealdian kalerako arropa erosteko aprobetxatzen du jendeak».

Iaz baino gutxiago gastatu
Euskadiko Kontsumo Elkarteak (ASCOFA) egindako inkesta baten arabera, herritar bakoitzak 92 euro gastatuko ditu bataz beste, hau da, iaz baino % 10 gu­txiago.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!