hernaniko Iraulio Panttalone bertso eskolak Hernani Bertsotan izeneko bi DVD aurkeztu zituen herenegun Biterin, eta eskuartean dituen beste hiru produkturen berri ere eman zuen. Aurkezpen ekitaldiak ikusmin haundia sortu zuen, areto erdia bete zen elkarrizketatutako bertsolari, bertso eskolako kide eta herritarrekin. Eñaut Agirre bertso eskolako kideak proiektu osoaren nondik-norakoa azaldu zuen. «Bertsolaritzak Hernanin izan duen lekua zein izan den bildu nahi izan da eta horretarako 40 elkarrizketa inguru egin dira. Hemen oinarrituta, lau produktu ezberdin sortuko dira: 2 DVD, liburua, web orria eta ikastetxeetarako materiala. Guztia urte bukaerarako egongo da bukatua eta otsailean kalean izango dira DVDak». Agirrek, bertso eskolaren izenean, eskerrak eman zizkien laguntza eman duten bi erakundeei: «Hernaniko Udalari proiektua hasieratik laguntzeagatik eta Diputazioari bi produktu gauzatzen laguntzeagatik».
Informazio bilketa haundia herriarentzat
Marian Beitialarrangoitia alkateak azaldu zuen halako proiektuak herriarentzat duen interesa. «Interesgarria da bertsoa bezalako kultur jarduera bati babesa ematen diolako, honek dauzkan aberastasun guztiak kontuan hartuta, baina horrez gain, informazio bilketa haundia egin delako herriarentzat. Euskara aldetik eta historia aldetik ere bildu da informazioa eta bertsoaz gain, beste zerbait ikertu nahi duenarentzat baliagarria da».
Estibalitz Alkorta Kultura eta Euskara diputatuak azaldu zuen ondare kulturala biltzeko lanean diharduela Diputazioak azken urteetan eta era horretako proiektuak babesten dituela.
Liburuan artxibo lana ere bai
Estitxu Eizagirre liburua egiten ari da eta estrukturaren berri eman zuen. Egindako elkarrizketetan oinarritua egongo da, baina horrez gain, artxibo lana ere izango da.
Jexux Mari Irazu, berriz, DVDen egilea da eta azaldu zuen prozesua orain dela hiru urte hasi zela, eta Unai Agirrerekin batera bi urtez aritu direla elkarrizketak egiten. Guztira 40 bat elkarrizketa egin eta material mordoa zegoela ikusita, 2 DVD ateratzea erabaki zuten. «Lehenengo DVDa kronologikoki dago landua; bertsolaritzaren eboluzioa lantzen da. Bigarrenean elkarrizketatuak izango dira ardatz». Lehenengo DVDa ikusteko aukera izan zen Biterin.