gipuzkoan goraka doa hurbileko senideengandik bananduta dauden adingabekoen kopurua. Eta duela denbora batetik hona, adingabeko hauei laguntza eskaintzen ari da Beroa Giupzkoako harrera familien elkartea, eta Diputazioko Gizarte Politika saila. Gertuko senideengandik banandu ostean, adingabekoak harrera egoitzetan edo harrera familietan bizitzera pasatzen dira. Beroakek martxan jarri berri duen programari esker, helburua da adingabekoentzako borondatezko familiak bilatzea, asteburuak eta oporraldiak pasatzeko.
Asteburu eta oporraldietarako familiak
Programa zuzendua dago harrera egoitzetan bizi diren adingabekoei. Kasu hauetan helburua da adingabekoek familia eredu baten babesa eta errefentzia izatea.
Baita ere, programa zuzendua dago harrera familietan bizi diren adingabekoei. Modu honetara, besteak beste, familia hauek atsedena hartzen dute.
Programaren helburuak
Adingabekoak borandatezko familietan pasatzen duten denborarekin, Beroakek bilatzen du hauen intregrazio sozial eta pertsonala bultzatzea. Baita ere, familiek sustatzen dute adingabekoek lotura afektibo berriak eta egokiak ezagutu eta izatea.
Horrez gain, bilatzen da erreferentzia eta eredu izango diren pertsonak ondoan izatea, etorkizunean izango dituzten erlazioetan lagungarriak izateko; familiei esker, umearen inguru soziala zabaldu egiten baita.
Elkartearen beste helburuetako bat da, umearen egoera emozionala hobetzea, bide batez, umeak beregan duen konfiantza eta segurtasuna haunditzeko.
20 adingabek behar dute borondatezko familia
Beroak elkarteak jakinarazi duenez, momentuz 20 dira programaren barruan dauden adingabeak, hau da, borondatezko familiak behar dituztenak.
Adingabeak 3 eta 16 urte bitartekoak dira, eta egun, guztiak harrera egoitzetan bizi dira. Horrez gain, adierazi dutenez, gehienak Gipuzkoan jaiotakoak dira, bertakoak.
Hurbileko senideengandik banandutako umeak
Beroakek jakinarazitakoaren arabera, umea familia biologikoarengandik bananduak izateko arrazoiak era askotakoak dira: «guztiok ezagutzen ditugu arazoak izan dituzten edo dituzten familiak, eta krisian sartzen direnak. Krisi honek umearen etorkizunean eragina duenean, beharrezkoa da laguntza ematea eta babestea».
Banandua izatearen arrazoiak asko izaten dira, eta horien artean, honakoak daude: gurasoen gaixotasunak (buruko gaixotasunak, drogomenpekotasuna, alkoholismoa...), askatasun eza, umeak zaintzeko errekurtso falta, eta abar.
Banandua izan aurretik, alternatiba ezberdinak lantzen dituztela adierazi dute. Horietako bat izaten da umearen gainerako familia (osaba-izebak, aiton-amonak, anai-arrebak). Hala ere, askotan, nahiz eta familia izan, egoera ezberdinen ondorioz, hauek ezin izaten dira adingabekoen kargu egin. Ondorioz, beste errekurtso batzuk bilatzen dituzte: harrera familiak, familia profesionalizatuak... Bienbitartean, adingabekoak harrera egoitzetan egoten dira.
Gipuzkoa mailan elkarte ezberdinek dute harrera egoitzen ardura, eta probintzia guztian daude banatuta: Tolosa, Beasain, Donostia, Errenteria...
Hala ere, adingabekoak familia biologikoekin harremana izaten jarraitzen dute beti, bisita bidez.
Borondatezko familia izateko eman beharreko pausuak
Borondatzeko familia izan nahi duten familiek Beroak elkartearekin jarri behar dute kontaktuan, 943 245 604 telefonora deituta edo asociacionberoa@hotmail.com helbide elektronikora idatzita. Kontaktuan jartzean, familiak proiektuan parte hartzeko duen borondatea adierazi behar du.
Ondoren, Beroakek banakako elkarrizketak egingo ditu, beharra azaltzeko eta ondoren egingo da balorazioa. Balorazioa egingo du Diputazioko Gizarte Politika sailak duen formazio eta aukeraketa zerbitzuak.
Segidan, adingabekoaren eta familiaren arteko ezagutaraztea hasten da. Prozesua Beroa elkarteak egiten du. Familia eta adingabea elkar ezagutu eta programa hasten denean jarraipena eta ebaluazioak egiten dituzte.
Borondatezko familiek laguntza teknikoa
jasotzen dute
Borandatezko familiek, umeen integrazioan laguntzeko eta izan ditzaketen arazoei aurre egiteko, laguntza teknikoa jasotzen dute.