AAMk adierazi du gazteriak bizi duen egoera eta jazarpena salatzea ezinbestekoa dela, eta gazte hauek babestu egin behar direla

Kronika - Erredakzioa 2009ko abe. 31a, 01:00

Amnistiaren Aldeko Mu­gi­menduak balorazioa egin du orain dela hilabete espainiar poliziak eta Guardia Zibilak egindako polizia ope­razioaren inguruan. Ba­lo­razioa prentsaurrean egin zuen atzo, Biteri kultur etxean, eta baita ere, egin zuen inkomunikazioaren eta torturaren inguruko irakurketa. AAMk salatu zuen oso ondorio larriak utzi dituela orain dela hilabete espainiar poliziak eta Guardia Zibilak gazte independentisten kontra egindako operazioak: «gazteek salatu zuten torturatuak izan zirela inkomunikazioak iraun zuen bitartean, eta besteak beste, poltsak jarri zizkieten buruan arnasik gabe uzteko, jo egin zituzten, biluztu eta ariketa fisikoak eginarazi».

«Hainbat izen atera dira»
AAMk jakinarazi duenez, azken polizia operazio honetan hainbat izen atera dira: «mahaiaren bueltan eserita dauden gazteen izenak atera dira espainiar poliziak eta Guardia Zibilak inkomunikazioa eta tortura erabiliz egindako galdeketetan. Gazte hau­en izenak zerrendan daude, eta baita horrek dakarren arriskua ere. Gazte hauek egindako lana erabat publikoa da, beraien eskubideen alde, Euskal Herriaren independentzia bilatuz, eta gaur hemen daude, komunikabide aurrean, aurpegia ematen. Gazteri independentista errepresio estrategiaren jomugetako bat da, eta herri honetan aldaketa politika eman dadin, beharrezkoa dute Estatuek gazte belaunaldi berriak kolpatzea».

«Jarrera argiak eta konpromiso zehatzak hartu behar dira»
Prentsaurrean gogoratu zu­ten milaka lagun izan direla azken aldian jazarpen honen aurrean kalera atera direnak, eta hori dela bidea: «beharrezkoa ikusten dugu herriz herri, eremuz eremu errepresioaren aurrean antolatu eta erantzun bateratuak ematea. Jarrera argiak eta konpromiso zehatzak hartzeko deia egiten diegu herri honetako eragile, politiko, sindikal eta sozialei, gazteak babestuz, kalean mobilizatuz eta jazarpenari aurre eginez».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!