Hernaniko Aiako Harriko parkean otsoa sartzea proposatu dute Europa mailako adituek

Kronika - Erredakzioa 2009ko abe. 28a, 01:00

azken urteetan, Europa mailako aditu talde bat Hernaniko lurretan ibili da bertako ikertzaileekin batera lanean, bukatu berri den Aiako Harria Life proiektua dela eta. Hori horrela, adituek irakurri dute Aran­zadik Hernaniko Udala­ren­tzako egin zuen Hernaniko natura-ondarearen azterketa, eta ondorioztatu dute, otsoa (Canis lupus) Hernaniko lu­rretan sartzea Aiako Harriko eta Her­naniko «biodibertsitatearen kontserbaziorako ezinbesteko pausua» dela. Dipu­ta­zioak azaldu du proposamena azter­tzen ari dela.

«Sare-trofikoa orekatu beharra»
Adituek azaldu dutenez, «hemengo sare-trofikoa des-o­­­rekatua dago eta otsoa beharrezkoa da Hernaniko biodibertsitatearen etorkizunerako». Sare-trofikoa litzateke espezie bakoitzak bestea jatean sortzen den sarea edo katea, eta gaur egun, hemen, gorengo mailan basurdea eta orkatza (corzo) daude; jaten dituen espezierik ez dago. Europako adituen arabera, «behar baino gehiago ari dira ugaritzen eta espezie hauek jaten di­tuen animalia bakarra otso­a da». Oreka lortzeko ezin­bestekotzat jo dute, beraz.

Lehen ere baziren otsoak
Adituek gaineratu dutenez, otsoa Hernaniko inguruetan sartzea, otsoa berreskuratzea litzateke, lehen ere otsoen bizileku izan baita. Orain dela 150 urte inguru desa­gertu zen otsoa inguru hauetan, baina haren arrastoak toponimietan aurkitu ditzakegu: Otsozulo (Epele bailaran), Otsarramen­di­e­­rre­­­ka, Otsuenea...). Artxi­bo­e­tan ere aipamen asko dira otsoaren ingurukoak.

Burgosetik ekarriak
Otsoa Europa mailan babestua dagoen espeziea da eta saiakerak egiten ari dira es­peziea indartzeko. Burgosen, esaterako, azken aldian asko ugaritu dira eta bertatik ekartzeko asmoa azaldu dute. Hasiera batean ez lituzkete asko sartuko, aurrez ikusi nahi dute nola adaptatzen den ingurura; «izan ere, otsoak bizitzeko azalera haundia behar du, gau batean 80km egin ditzake, eta inguru hauek oso urbanizatuta daude». Natura-ondarearen azterketari helduz, otsoa ez da pro­posatu duten espezie ba­ka­rra. Adituen arabera, Herna­ni-Arano ingurua egokia da Hartz arrea  (Ursus arctos) espeziearentzat. Na­fa­rroan izan duen egoki­tza­pen ona ikusita, bikote bat sar­tzea aztertzen ari dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!