Olentzeroren magia da pelikularen ardatza, eta muina. Ume askoren galdera izango da: «eta nola iristen da Olentzero leku guztietara une berean?». Sesmak horri bilatu behar izan zion erantzuna, pelikula hasterako, eta horren gainean eraiki zuten gero, produkzio guztia.
Beldurrezko eta Fantasiazko Zinema astean estreinatua, aretoa gainezka zela
Arrakasta haundia izan du Olentzero eta oparien ordua pelikulak. 2008an estreinatu zuten Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko astearen barruan, aretoa leporaino betea zegoela, eta geroztik aste pare batean egon zen zinema karteldegi nagusienetan.
DVD formatuan 2009an kaleratu dute, Durangoko Azokan, eta jadanik salgai dago Elkar dendetan, edo info@bartonfilms.com helbidean eskaria eginda. Joan den asteburuan izan zen Biteri kultur etxean, pelikula ikusteko aukera.
Atzean 30 pertsona,
eta urte beteko lana
30 langileko taldea koordinatu behar izan du Sesmak produkzio hau egin ahal izateko. Ideia sortu eta gidoia egin ziren lehenengo (Txetxu Altolagirrek). Ondoren story board-a egin (900 marrazki kasu honetan); ahotsak grabatu, story real-a; preanimazioa, animazioa, argiztapena, azken edizioa, eta abar luze bat... urte beteko lana.
9 urte animazio munduan
Gorka Sesma Hernanin bizi den errenteriarra da, hainbesteko arrakasta izan duen Olentzero eta oparien ordua animaziozko pelikularen zuzendaria. Zenbaitek gehiago ezagutuko du Kashbad edo Sorkun musika taldeetako gitarrista bezala, baina badira 9 urte, animazio munduan lanean ari dela.
Animazio mundua beti gustatu izan zaio 34 urteko errenteriar honi, eta Donostian 3 dimentsioko animazioa-ri buruzko kurtso bat egin ostean, 2000. urtean hasi zen Durangoko Baleuko enpresan lanean. Hasieran enpresa txikia izaki, denetik egin behar izan du Sesmak urte horietan, 2007an Olentzero trilogiako hirugarren pelikularen zuzendari lanak egin zituen arte.
‘Gartxot’ lanean buru belarri
Gorka Sesma Andoaingo Somuga enpresan ari da gaur egun, zuzendari-laguntzaile lanetan, eta dagoeneko bi proiektu kaleratu dituzte: Munduari Bira Doan eta Gartxot (20 minutuko laburmetrai bat).
Asisko Urmeneta, Joanjo Elordi, Benito Lertxundi, Etxekopart, eta abar ditu bidelagun, eta Sesmaren esanetan, orain, eskuartean oso proiektu interesgarria dute: Gartxot izeneko luzemetraian ari dira buru-belarri. «Oso estetika originala izango du lan honek. Talde txikiagoa ari gara, medio gutxirekin, baina teknika berriak erabiltzen ditugu, eta emaitza berezia emango dute».