Goñi, Errazkin eta Romanek finala jokatuko dute gaur, EiTB-Trindoor txapelketakoa

Kronika - Erredakzioa 2009ko abe. 26a, 01:00

iritsi da egun haundia. Gaur jokatuko da EiTB-Trindoor txapelketako finala, Gipuz­koa­ko lau herriren artean; tartean Hernani. Arkaitz Goñi, Xabier Errazkin eta Sergio Roman arituko dira lehian, Villabona, Tolosa eta Azpeitiaren kontra.

Hernaniarrak faborito
Herri bakoitzak hiru kirolariko ordezkaritza izango du, eta egin beharreko probak izango dira 1.000 metro ergometroan, 5km bizikletan eta 2km korrika zinta gainean. Hernaniko taldean, Arkaitz Goñi arituko da ergometroan, Xabi Errazkin bizikletan eta Sergio Roman korrika. Gainera, beraiek dira txapelketa irabazteko faboritoak. Orain arteko kanporaketetako marka onena be­raiek dute, 15 minutu eta 22 segundukoa. Atzetik dira Villabo­nakoak, 15 minutu eta 25 segundurekin. Hirugarren marka berriz, Azpeitiak du, 15 minutu eta 29 segundurekin. Azkenik, laugarren Tolosa da, 15 minutu eta 59ko denborarekin.

Finala Miramonen jokatuko da
Finala EiTBk Miramonen duen egoi­tzan jokatuko da, gaur, arra­tsaldeko 16:00etatik 18:00etara. Kirolariek dei egin diete herritarrei ikustera eta animatzera joateko, sarrera librea izango baita. Finalak ikusmira haundia sortu duela kontuan izanda, kirol mun­duan oso ezagunak direnak ere bilduko dira bertan: Jose Luis Korta, Haimar Irigoien, eta Abraham Olano esaterako.

Herri arteko txapelketa
Trindoor txapelketa Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia saioak antolatzen du, eta aurreneko aldiz, 2008/09 denboraldian egin zuten. Orduan, helburua, triatloi bat osatzea zen, hiru kirolarik elkarri erreleboa emanda. Aurtengo denboraldian berriz, 2009-10ean, proposamen berria jarri zuten martxan. Txapelketak talde formatua hartu zuen, eta herri arteko txapelketa antolatu zuten. Guztira, 16 herri aritu dira lehian, 10 gipuzkoar, 3 bizkaitar, 2 nafar eta arabar 1. Finala jokatzeko berriz, aipatutako lauak sailkatu dira, guztiak gipuzkoarrak: Her­nani, Villa­bona, Tolosa eta Azpeitia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!