Datorren urtean obrak hasi, eta 2012an gehiena bukatua

Kronika - Erredakzioa 2009ko abe. 26a, 01:00

OBRAK datorren urtean hasi nahi dituzte, eta 2012an zati gehienak eginak izango direla azpimarratu dute bultzatzaileek. Galarreta eta Estubegiko proiektuez ari gara, martxa izu­garria daramakiten bi proiek­tuz; urriaren 30ean egin zuten lehendabiziko aurkezpena Miramongo Parke Tek­no­logikoan, eta joan den astelehenean sinatu ziren Her­naniko Udalean. Alderdi eta erakunde guztien babesa jaso dute bi ekimenek; estrategikotzat jo dituzte teknologia, garapena eta industria arlotik, aberastasun haundiak ekarriko dizkiolakoan herriari. Gehien azpimarratu diren puntuen artean honakoak daude:  1) Estubegiko industrialdera etorriko da Gipuz­koa­ko Union Farmazeutika.  2) Estubegiko industrialdean heren bat erreserbatuko da, Hernaniko herri erdian dauden enpresentzat. 3) Galarretan Mondragon Unibertsitateak egoitza bat izango du.

Askoren arteko akordioa
Bi urteko lanaren ondoren, azkenean lortu da beharrezko alde guztien arteko akordioa. Astelehenean sinatu ziren bi hitzarmenak Herna­ni­ko Udalean. Estubegiko hitzarmena si­natu zuten: batetik Marian Beitialarrangoitia Alkateak, eta bestetik Mikel Oregi Bu­runtzaldeko Industrial­dea­ko ordezkariak. Horretarako, dena dela, aldez aurretik adostasuna lortu behar izan dute SPRILUR eta Gipuzkoa­ko Foru Aldundiarekin, az­ken erakunde horiek osatzen baitute Buruntzaldeko Indus­tria­ldea enpresa (Hernaniko Udalarekin batera). Galarretako hitzarmena sinatu zuten Marian Bei­tia­la­rran­goitia Alkateak eta Francisco José Berjón Do­nos­tiako Parke Teknologikoko ordezkariak. Sinadura horretarako ere aldez aurretik erakunde gehiagoren adostasuna behar izan da, Parke Tek­nologikoko kide baitira: SPRI, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, Kutxa.

Estubegi, 31.000 m2-ko industrialdea
Estubegiko industrialdeak, 13.000.000 euroko inbertsioa eskatuko du, eta 31.000 m2 izango ditu. Gutxigorabehera heren bat Gipuzkoako Unión Farmazeutikaren egoitzaren­tzat izango da, 10.000 m2. Beste heren bat, Hernaniko herri barruan dauden industrientzako izango da, batez ere Florida aldean dauden industrientzako. Beste 2.000 m2 Herna­ni­ko Udalarenak izango dira, eta bertara eramango du Flo­ridako Obra Pabiloia.

Galarretako teknologi gunea, 160.000.000 euroko inbertsioa
Galarretako teknologi guneak 108.000 m2 izango ditu, eta 160.000.000 inbertituko dituzte bertan. Funtsean, Do­nostiako Teknologi Par­kea­ren zabaltzea da, Mon­dragon Korporazioko Orona enpresaren ekimen pribatuarekin elkarlanean egingo dute. Galarretako teknologi gunean, 60.000 m2 erabiliko dira ikerketa eta garapenerako, teknologi garapenerako azken batean. Beste 40.000 m2 IKASLEKU Fundazioak izango ditu, eta bertan jarriko dute, besteak beste, Mondra­gon Unibertsitatea­ren egoitza bat, Oronaren egoitza bat eta abar... Beste 8.000 m2 erabilera tertziariorako erabiliko izan­go dira, eta oraindik ze­haztu gabe dago zer izango den zehazki.

Hernaniko Udalak 7.000.000 euro jarriko ditu
Hernaniko Udalak inbertsio haundia egingo du bi proiektu horietan. Joan den astelehenean Gobernu Taldeak eman zuen prentsaurrekoan, Ma­rian Beitialarrangoitia Al­ka­teak azaldu zuen, inbertsio hori nondik eta nola egingo duen Udalak: «Hernaniko Udalak esfor­tzu itzela egin behar izan du akordio hauetara iristeko. Bi hitzarmenetan, Udalak ez du jasoko eraikitzeagatik dagokion %15, legez dagokiona, herrian egiten den edozein eraikuntzagatik». Beraz, %15 hori izango da Hernaniko Udalak diru-laguntza gisa jarriko duena, gutxigorabehera 7.000.000 euro.

6.000.000 euro Ikasleku Fundazioarentzat
Udalak inbertituko dituen 7 mi­lio eurotik gehienak, Ikas­le­ku Fundazioan inbertituko ditu. Beitialarrangoitiak ho­ne­la arrazoitu zuen astelehenean Udalaren erabakia: «Ga­larre­tako Gune Teknolo­gi­koan in­bertituko ditugu 6 milioi euro, zehazki irabazi asmorik gabeko Ikasleku Fun­dazioari bideratuko dizkiogu; honek etekin ekonomiko zu­ze­nak ez dituzten jarduerak bul­tzatzeko, kasu Uni­ber­tsitatea. Ez da mahuka».

«Balorazio positiboa»
Beitialarrangoitiak «oso balorazio positiboa» egin zuen asteleheneko prentsaurrekoan: «lortu duguna haundia da, are gehiago krisi garaian gauden honetan, gure etorkizuna garatzeko, aberastasuna, lanpostuak, heziketa eta ikerketako gune berriak eta bestelako onurak ekarriko dizkigun operazio bikoitz batetz ari garen neurian».

DATU BATZUK:
Bi proiektu ezberdin batean uztartuak
Berez bi proiektu ezberdin dira Galarretakoa eta Estubegikoa. Galarretakoa Teknologi gunea izango da eta Estubegikoa industriagunea.
Guztira 173.000.000 euroko inbertsioa
Galarretako Teknologi guneak inbertsio izugarria eskatuko du: 160 milioi euro. Estubegiko industrialdeak 13 milioi euroko inbertsioa.
Guztira 139.000 m2
Galarretako teknologi guneak 108.000 m2 izango ditu, eta Estubegiko Industrialdeak 31.000 m2.
10.000 m2 GIPUZKOAKO union farmazeutikak
Estubegiko industrialdearen heren bat, Gipuzkoako Union Farmazeutikarentzat izango da.
10.000 m2 HERNANIKO INDUSTRIENTZAT
Hernaniko herri barruan geratu diren industriak aurrera ere Hernanin bertan geratzeko aukera izango dute, Estubegira eramango dituztelako.
2.000 m2 UDALAREN OBRA PABILOIARENTZAT
Hernaniko Udalak Floridan duen Obra Pabiloia Estubegira joango da.
Legezko %15 udalak ez du jasoko
Hernaniko Udalak erabaki du,  legez dagokion eraikigarritasunaren %15 ez jasotzea. Horrela dirulaguntza gisa 7.000.000 euro jarri ahal izango ditu.


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!