olentzero opariz beteta eta gauean lanean aritzeko prest etorriko da gaur, baina aurretik, urtero egin ohi bezala, baserriz baserri eta kalez kale ibiliko da herrian zehar. Gabon kantekin bazterrak girotuko dituzten herritar taldeak ere ez dira faltako. Gainera, atzo bertan hasi zirenak ere badira, Musika Eskolako ikasleak hain zuzen. Arratsaldean, kalez kale ibili ziren kantu artean.
Ereñotzun aldaketak
Ereñotzun, urtero bezala, eguerdi partean bilduko dira auzoan barrena kantari ateratzeko, baina aurten aldaketa batzuk egin dituzte ibilbidean. Olak auzo elkartetik jakinarazi dutenez, etxe batzuetara ez dira iritsiko, hala nola, Askatsu, Algorri eta Izenederrera.
Horrez gain, lehen Ereñotzu azkenerako uzten zuten, eta aurten, bailaran behera datozela egingo dute. Horrek esan nahi du arratsaldeko 16:00-17:00 bitartean pasako direla bertatik eta beste auzo guneetara iaz baino pixka bat goizago iritsiko direla.
Olentzero baserriz baserri
Bertso Eskolaren eskutik
Olentzero baserri eta sagardotegietan ere ibiliko da ohitura den bezala, eta aurten Bertso Eskolak antolatuko du. Arratsaldeko 15:30etan abiatuko dira Plazatik, Zikuñaga eta Osiñaga aldera.
Arratsaldean Kaxkoan
Arratsaldean, Kaxkoan zehar ibiliko da Olentzero Ttarla dantza taldearen laguntzarekin. Ongi-etorria egingo zaio plazan, 18:00etan, eta kale buelta egin ondoren, umeei opariak banatuko dizkie. Eguraldi txarra eginez gero, Udaleko Arkupetan egingo zaio ongi-etorria eta kale bueltarik egin ez arren, oparirik ez da faltako.
Abesbatzak eta erronda
Abesbatzen emanaldiak ere izango dira gaurkoan. Parrokiko abesbatzak Gabon kantak abestuko ditu Agustindarren elizan, 17:00etan, eta Kantuz abesbatzak kale buelta egingo du 18:30etan Milagrosatik aterata. Eta urtero bezala, afaltzera joan aurretik, 20:00etan, Gabon gaueko erronda aterako da plazatik Hernaniko Musika Bandarekin.