hernaniko Udaletxean bi hitzarmen sinatu ziren atzo, Estubegi eta Galarretako eremuetan epe ertainean egingo diren bi proiektu haundiri buruzkoak. Bata Donostiako Parke Teknologikoarekin sinatu zen, eta bestea Buruntzaldeko Industrialdearekin. Marian Beitialarrangoitak prentsaurrean azaldu zuenez, «biak ala biak albiste ezin hobeak dira Hernaniren etorkizunarentzat».
Ikerketa, garapena,
berrikuntza eta teknologia
Beitialarrangoitiak Gobernu Taldeko kide guztiekin batera eman zuen prentsaurrekoa, eta azpimarratu zuen, Udal batek ez duela egunero izaten tamaina honetako proiektu bat sinatzeko aukera. «Ikerketa, garapena, berrikuntza eta teknologia ardatz izango dituzten jarduera ekonomikoak ekarriko ditu, unibertsitateaz gain, eta etorkizunari begira lan egingo duten puntako jarduerak onura izugarriak izango ditu».
«Esfortzu izugarria»
Beitialarrangoitiak azpimarratu zuen, alde guztiek egin behar izan dutela esfortzua proiektu hau aurrera ateratzeko: Oronak proiektuari emandako bultzadagatik; lurjabeek, lurren errekalifikazioa onartzeagatik (egungo Arau Subsidiarioetan lur eremu horretan etxeak egitea aurreikusten baitzen). Orona, lurjabeak eta Udalaren gestioez gain, alkateak azpimarratu du, beharrezkoa izan dela udaleko beste alderdien babesa, eta baita Jaurlaritza eta Diputazioarena ere.
Proiektuari laguntzeko, Udalak erabaki du, eraikigarritasunagatik dagokion %15 ez jasotzea, eta beraz, diru hori, 7.000.000 euro inguru, bertan inbertituko ditu.