ESKERRIK Asko Andereño izenarekin, esker oneko ekitaldia izan zen asteazkenean Gipuzkoako Foru Aldundian. Urrezko Domina eman zien Aldundiak Gipuzkoan, frankismo garaian ikastoletako andereño izan ziren guztiei, tartean, asko, hernaniarrak. Mari Carmen Mitxelenak hartu zuen domina, andereño guztien izenean, Markel Olano Diputatu Nagusiaren eskutik. Olanok ikastolen alde lan egindako guztiei eskerrak eman zizkien, bai andereñoei, baina baita orduko gurasoei, eta zenbait erakundeei ere. Mitxelenak urte gogor haiek ilusioz gogoratu zituen, egin zuten lana, konbentzituta egin zutelako: «ikastola ez zen euskaraz erakusteko bakarrik sortu, heziketa berri eta aurrerakoi baten aldeko apustua ere izan zen». Mitxelenak gogoan izan zituen, batez ere, lehendabiziko andereño haiek (Elvira Zipitria, eta abar), «garai ilun haietan ikusteko gai izan zirelako, beste heziketa modu bat posible zela, konstruktibismoan eta Europako eredu aurrerakoienetan oinarritutakoa».
Hernaniar asko ekitaldian
Diputazioko ekitaldian, Hernaniko ordezkaritza ere izan zen. Guztien izenean ondo merezitako eskerrak jaso zituzten, ixilean egindako lan guztiagatik.