aitor Murua hernaniarrak Calviako (Mallorca) maratoian hartu zuen parte joan den igandean, eta lehenengoa izan zen helmugara heltzen bere kategorian. Orokorrean, berriz, laugarren postua lortu zuen 2:48:55 denborarekin. Muruak Donostiako maratoia korritzeko prestatua zuen berez bere burua, baina aurreko egunean gaixorik jarri eta ez zuen nahi adina ematerik izan, Kronikari azaldu dionez: «6km egin ondoren, erretiratu egin nintzen».
Mallorcan parte hartzeko aukera
«Lau hilabeteko entrenamendua ez nuen pikutara bota nahi eta 15 egunen tartean zerbait egin nahi nuen. Calviako maratoiaren berri izan nuen eta parte hartzeko aukera eman zidaten eta probatzea erabaki nuen», azaldu dio Kronikari. Hura ezberdina izan arren, aldapatsua, parte hartzea txikiagoa, animatzen jende gutxi... Donostiakoak utzitako zapore txarra kentzeko balio izan dio Muruari.
Aurten prestatuena
Donostian lau maratoi korritu ditu eta aurten zegoen prestatuena. Iaz 2 ordu eta 48 minutuko denbora egin zuen, Calvian denbora bera egin du, eta kontuan izanda hura aldapatsuagoa dela, aurten Donostian, marka ona egitea espero zuen Muruak eta alde horretatik amorrazio pixka bat sentitzen du.