MAIALEN Lujanbio da 2009ko Txapelketa Nagusiko irabazlea. Arratsaldeko 20:00ak pasatsu zirela jaso zuen hala ziurtatzen duen txapela. Ondoren, izandako sentsaioez aritu zen prentsaurrean. Aurreneko hitzak eskerrak emateko erabili zituen: gogoan izan zituen txapelketaren atzean lanean aritu diren guztiak, eta publikoaren harrera gogotik goraipatu zuen: «publikoarentzako ez dut hitzik, txapelketa osoan izandako jarrera ikaragarria eta eredugarria da». Segidan, Andoni Egañarentzako hitzak izan zituen. Erreleboa ematen zen garaian bertan izatea gustatuko litzaiokela adierazi izan du Lujanbiok, eta atzokoan «erreleboaren hartzailea izatea ohore haundia» izan zela adierazi zuen.
«Arratsaldeko bi bakarkakoekin geratzen naiz»
Finalean egindako saioekin gustura azaldu zen hernaniarra, eta aukeratzekotan, arratsaldeko bi bakarkakoekin geratzen zela jakinarazi zuen: «ezingo nuke bertso bakar bat aukeratu, eta aukeratzekotan, arratsaldean egindako bi bakarkakoak aipatuko nituzke».
Andoni Egaña: «Ohorea da erreleboa Maialeni ematea»
Segidan, Egañak hartu zuen hitza, eta erreleboa atzo eman izana ohorea zela esan zuen, eta are gehiago Maialeni eman izana: «gainontzeko bertsolariak gutxietsi gabe, Maialenek azken urteetan ahalegin haundia egin du, eta norbaitek merezi bazuen, bera zen». Horrez gain, 7 finalen ostean, atzokoa azkenekoa izan zela aitortu zuen, eta hemendik aurrera plazatan arituko dela.