Lujanbiotik Lujanbiora, 73 urteren ondoren

Kronika - Erredakzioa 2009ko abe. 14a, 01:00

Egun historikoa izan zuen atzo bertsolaritzak, Maialen Lujanbio hernaniarrak jantzi baitzuen txapela Barakaldoko BEC aretoa gainezka zela. Lehenengo emakumezko txapel­duna da hernaniarra, Egañari errele­boa hartu diona, eta Hernaniri bigarren txapela eman diona. Orain hurrengoa, Joxe Manuel Lujanbio Txirrita haundiak jantzi zuen, 1936garren urtean, eta beste Lujanbio batek hartu dio oinordekotza, urte luzetako lanaren ordainetan. Izan ere, ez da kasualitatea atzo lortutakoa, Mailen Lujanbio urte luzetan ari da bertsolaritzan bide bat markatzen, eta azken urteetako lana ondo zorroztuta lortu du sari preziatua.

Goizean gauzak estu
Txapelketa nagusiko finalak goiz eta arratsalde jokatzen dira, eta bertsotan ondo egiteaz gain, egun guztian tentsioa mantentzea ezinbestekoa da goian ibiltzeko. Goizeko lehenengo ariketetan oso goi mailan aritu ziren 8 bertsolariak, finaleraino zergatik iritsi ziren argi utziaz. Ofiziokako saioak eta puntu erantzunak oso onak izan ziren orokorrean, baina saioak ez zion maila horri eutsi kartzelako lanean. Gai jartzaileak kazetari lanetan jarri zituen bertsolariak eta beren azken artikulua izango zena idatzi behar zuten. Gai bakarrerako matiz gehiegi. Bazkal orduan, buruz burukora pa­sako ziren Amets eta Maialen guztien ahotan bazeuden ere, bertsolari gehiagoren izenak ere bazebizkiten bertso adituek eta guztia arratsaldean jokatuko zela garbi zegoen.

Arratsaldean koska
Arratsaldean hasiera hasieratik koska bat gorago aritu ziren bai Maialen Lujanbio eta bai Amets Arzallus. Biek batera kantatu zuten hamarreko txikiko lehen ofizioan, Gabonetan afaltzen ari ziren ama eta semearen paperean ´beti ez jeikitzeko dabiltza esaten / platera sukaldera ez da oinez joaten` bota zion hernaniarrak elkarri dotore erantzunaz osatu zuten ofizioan. Arratsaldeko bakarkako lehenenengo lana Maialenena izan zen eta eguneko bertsorik onentsuenak bota zituen bertan: ospitalean min bizia duten bi ume gurpildun aulkietan jolasean ikusi dituzu: ´eurengan minak badu indarra/baina bizitzak gehiago` bukatu zuen lehenengo bertso goitik beherakoa. Bigarrena ...baina kontentu ta lasai daude/jolas hoietan argi da. Ta maitasuna behar dutenak/euren gurasoak dira. Mailenek esana zuen bera saiatzen zela gaia entzun eta arrazoiak barruan ondo liserituta botatzen. Atzo mo­­mentu askotan entzun genuen Maia­lenen ahots hori, gaiak bere optika berezitik ikusi eta adierazteko gaitasun hori.

Buruz buruko ederra
Buruz burukorako inor gutxik zeukan zerrendan Maialen eta Amets ez zen bertsolaririk, arratsaldean oso goian ibili baitziren. Eta buruz burukoa izan zen aldarte on horren lekuko. Nahiz ofizioka nahiz bakarka bertso ederrak bota zituzten oso estilo desberdinetan. Mailenek bertso intimoagoak bota zituen bitartean Ametsek narratiboa­goak egin zituen, baina biak aritu ziren ondo. Ofiziotan anorexia izan duen amari kantatu zioten sei puntukoan: Maialen: Lana da sinistea ai / Lana da egoten lasai / Gu bioi jaten eman zigunak Ez duela jan nahi. Bakarka, berriz, kartzelara bisitara joan eta biluztu arazi zituztenaren paperean jarri zituzten. Biluztuko nauzu eta nire zorroa hustuko/ Baina bihotz barrukoa ez didazu biluztuko, bota zuen hernaniarrak eta Biluztu behar dugula eta zer zabiltza gezurretan/ Urteak dira Euskal Herria dagoela hezurretan, bota zuen hendaiarrak. Horrelako txapelketa batek merezi duen bukaera izan zuen beraz lehiak, hernaniarraren alde.

Aitor Mendiluze
Hernaniko bertso eskolako beste kide bat ere izan zen atzoko finalean, Aitor Mendiluze andoaindarra. Zazpigarren postuan bukatu arren lo lasai egingo zuen, final ona egin baitzuen Mendi­luzek ere. Arratsaldean puntukako saioan egindako poto batek eraman zuen postu horretara. Ofizioka nabar­mendu zen Aitor atzokoan, ohikoa duen erraztasun eta teknikarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!