TOKIKOM: Hurbileko informazioa, hurbiletik

Kronika - Erredakzioa 2009ko abe. 12a, 01:00

Topagunea Euskara Elkar­teen Federazioan bazkide diren 36 tokiko aldizkarietatik, 20k sor­tu dute TOKIKOM. Federa­zioko Hedabide Saileko or­dezkariekin hitz egin dugu ekimenaren nondik norakoak ezagutzeko. Eñaut Agirre (Her­naniko Kronika), Eneko Az­karate (Goienkaria), Xa­bier Goie­netxe (Aikor!), Ja­so­ne Men­di­zabal (Topagunea), Koldo Mitxelena (...eta kitto!) eta Joxe Rojas (Topa­gunea) To­pa­gunearen Hedabide Ba­t­zordeko kideak dira, eta hurbiletik jarraitu dute TO­KIKOMen sortze prozesua.

Zer da TOKIKOM? Nortzuek osatzen dute?
E. Azkarate.- Topagunean federatuta gauden euskarazko hedabide lokalok osatzen dugu TOKIKOM. Oinarrian, marka bat da, euskarazko tokiko hedabideak, eta gure ezaugarri eta balio komunak batzen dituena.
J. Rojas.- Topagunean ditugun azken datuek argi erakusten dute tokiko aldizkariak hedabiderik indar­tsuenak direla bakoitza bere esparruan. Baina hortik kanpo, hedabide bakoitza ezezaguna da bere mugetatik kanpo. TOKIKOMen asmoa hedabideon talde izaera eta kohesioa indartzea da, barrura zein kanpora begira. Tokiko hedabideen sektorea irudikatzen duen ikurra da TOKIKOM.

Noizko Topaguneako hedabide guztiak TOKIKOMen barruan?
J. Mendizabal.- Tokiko hedabideen artean aniztasuna da nagusi, baita indar eta baliabideei dagokienez ere. Horren arabera, bazkideetako batzuek euren egoera finkatzeari begirako lehentasunak ezarri dituzte, eta TOKIKOMen sartu ala ez aurrerago erabakiko dute. Lehen momentutik aniztasun hori errespetatu nahi izan dugu marka berriarekin bat egiteko orduan ere. Seguru gaude epe ertainera hedabide bazkide guztiak egongo direla TOKIKOMen barruan, baina argi dugu bakoitzak bere erritmoan egin beharreko zerbait dela, ezin dugu inor behartu.

Zergatik eta zertarako sortu duzue?
E. Azkarate.- Jasonek esan duenez, Topaguneko euskarazko hedabideok anitzak gara, maiztasunari, formatuari eta itxurari dagokionean; anitzak, era berean, askotariko iritziak jorratzen ditugulako, askotarikoak direlako gure irakurle eta ikus-en­tzuleak. Baina badira guztiok komunean dauzkagun ezaugarriak: hurbileko informazioa lantzen dugu, gai orotarikoak; masibo edo unibertsalak gara, hau da, populazio osoarendako lantzen dugu informazioa; liderrak gara gure esparruan eta tokian tokiko hedabide guztien baturak bihurtzen gaitu era berean lider (irakurrienak, ikusienak…) euskarazko hedabideen artean ez ezik, Euskal Herriko edozein hedabideren artean.
X. Goienetxe.- Ezaugarri komun horiek azpimarratzea eta indartzea da kontua. Aniztasunari uko egin gabe, talde izaera ere badugula gizarteratzea. Eibarko lagun bat beste edozein herritara joan eta bertako aldizkaria aurkitzen duenean, horrek bere herrikoarekin zerikusia duela jakin dezan. Eta elkarlanerako kanalak irekitzea ere bai, noski. Zenbait arlotako informazioa partekatzea eta, zergatik ez, guztiok batuta 220.000 irakurle baino gehiago izateak ematen digun indarra hobeto baliatu ahal izatea ere bada gure helburua.

Zer eskaintzen dio TOKIKOMek irakurleari, orain arte jasotzen ez zuena? Eta aldizkariei?
J. Rojas.- Hasteko eta behin, webgunea aipatu behar da. Hor irakurleak TOKI­KOMeko aldizkari guztien titularrak jaso ahal izango ditu zuzenean, eta gehiago sakondu nahi izanez gero, jatorrizko iturrira, tokiko aldizkariaren webgunera eramango du webguneak. Gainera, RSS teknologia aprobetxatuz oso erraza da titular horien harpidedun egin eta albisteak hamaika formatu eta euskarri diferentetan jasotzea. Euskarazko tokiko informazio guztia begi kolpe batean ikusteko aukera eskaintzen dugu toki­kom.com-en bidez.
E. Azkarate.- Paperezko produktuei dagokienez, berriz, aldaketa gutxi igarriko dute irakurleek oraingoz. Hedabide bakoitzak jarraituko du izaten, eurenean nagusi, irakurrien, gertukoen, hurbilekoen… Aurrera begira, denondako berdinak izan daitezkeen edukiak ekoiztu eta hedabide bakoitzean txerta daiteke, informazio lokalaz gain, beste era batekoa ere eskaintzeko: Arrasate, Durango, Altsasu edo Tolosako irakurleak gustura jasoko duena. Aldizkariei, berriz, baliabide gehiago emango die besteen ibilbidea ezagutzeko, informazioa elkarrekin trukatzeko, gabeziak betetzeko, lan poltsa sortzeko eta publizitatea lortzeko orain arte eskuraezina zen lekuetan edota enpresetan. Publizitatea egin nahi duenarendako, aparteko euskarria da, mezua jende gehienengana heltzeko bidea. Tokikomen publizitatea kontratatzen duenak, aukera du hedabide askotan agertzeko eta inbertsio eraginkor eta errentagarriena egiteko, zabalkunderik handiena izango duelako.

Elkarrekin indar handia duzuela diozue. Zer esan nahi duzue horrekin?
E. Agirre.- Lehen aipatu dutenez, TOKIKOMen gauden hedabideak oso indar­tsuak gara bakoitza bere esparruan. Beste edozein hedabide baino irismen handiagoa dugu, eta publikoak gurekiko atxikimendu handia du. Baina norberaren esparrutik kanpo ez gara ezer: Goienkariaren irakurle batek ez daki Hernaniko Kronika zer den. Horrek balioa kentzen digu, esate baterako, iragarle handiengana jotzeko orduan. Enpresa handi batentzat, gutako bakoitza ez da ezer. Baina publizitatea taldeka eskainiz gero, beste indar posizio batetik hitz egin dezakegu. 220.000 irakurletik gora ditugu guztien artean, eta horrek indar handia ematen digu. Iragarle handiak erakarriz, diru-sarrerak eta gure eragina ere handitzea espero dugu.
K. Mitxelena.- Eta horrek, gainera, produktuak hobe­tzeko aukera emango digu. Elkarlanean arituta, Enekok esan duen moduan, produktu osagarri komunak atera ditzakegu, umeentzako gehigarriak, denborapasak, zer dakit nik! Gainera, barne antolakuntza eraginkorragoa egiten ere lagunduko digu: taldean arituz gero, gaur egun aldizkari guztietan egiten diren lan errepikatuak ekidin ditzakegu, eta gure baliabideak gauza berriak edota hobeak egitera bideratu.

Zer produktu edo zerbitzu zehatzetan ikusiko da TOKIKOMen ekarpena?
K. Mitxelena.- Aldaketa­rik agerikoena TOKIKOM ikurra bera da, kide diren hedabideen buruetan agertuko da: mantxetetan… Be­stalde, esan dugunez, webgune bat izango dugu: Tokikom.com, non bisitatu ahal izango dira tokian tokiko hedabideek lantzen dituzten albisteak. Horretaz gain, publizitate eskaintza bateratua egin ahal izango dugu eta iragarle handiei eskainiko zaie euskarri ezin hobea helarazteko mezua ahalik eta jende gehiagorengana. Ez hori bakarrik: iragarleak aukeratu ahal izango du non jarri nahi duen bere mezua: hedabide guztietan edo komeni zaionetan: herri konkretu batean, eskualde batean, lurralde batean…
E. Azkarate.- Horrez gain, gaur egun aldizkari askok egiten dituzte tokikotasunarekin zuzenean zerikusi txikia duten produktuak: haurrentzako gehigarriak, liburuak eta bestelako argitalpenak. Epe ertainera, TOKIKOMek aukera emango digu horrelako produktuen ekoizpena optimizatu eta zabalkundea aldizkari gehiagotara hedatzeko.

TOKIKOM OSATZEN DUTEN ALDIZKARIAK
•...eta kitto! (Eibar)
•Aikor (Txorierri)
•Aiurri astekaria (Beterri – Buruntza)
•Aiurri hamaboskaria (Beterri – Aiztondo)
•Anboto (Durangaldea)
•Asteleheneko Goienkaria (Debagoiena)
•Barren (Elgoibar)
•Begitu (Arratia)
•Berton (Mahatserria)
•Drogetenitturri (Ermua, Mallabia)
•Goienkaria (Debagoiena)
•Guaixe (Sakana)
•Hernaniko Kronika (Hernani)
•Karkara (Aia, Orio)
•Otamotz (Urretxu-Zumarraga)
•Pil-Pilean (Soraluze)
•Prest (Deustualdea)
•Ttipi-Ttapa (Baztan-Bidasoa-Malerreka)
•Txintxarri
(Lasarte-Oria)
•UK (Uribe Kosta)


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!