hernaniko Udalak Zalantzak argitzen atala izango du egunero-egunero Hernaniko Kronikan, aldez aurretik hala kontratatuta. Egunkarira bidalitako prentsa oharraren bidez, atal horren nondik norakoak azaldu dizkie Udalak herritarrei. Udalak dio ahalegin guztia egiten ari dela atez ateko hondakin bilketa ahalik eta errezena izan dadin herritarrentzat, eta hori lortu nahi duela ekimen berri honekin: «herritarrak atez atekoari buruzko informazio asko eta zabala behar du, eta ekimen honen helburua da, herritarrek informazio hori jasotzea». `Zalantzak argitzen´ atala Oharrean adierazi du Aztikerrek egindako inkestak erakusten duela herriaren %36,7k Hernaniko Kronika lehenetsi duela informazio bide egokien bezala, eta horregatik erabaki dutela bertan zabaltzea atala: «Ingurumen Sailak Hernaniko Kronikan atal bat irekitzea erabaki du, Zalantzak argitzen izena duena. Bertan, egunero galdera-erantzun bat argitaratuko da eta denborarekin, asmoa da bertan argitaratzea herritarren ohiko zalantza guztiak».
Herritarrek galderak bidali ditzakete
Atalaren dinamikari dagokionez, jakinarazi dute galderak bidali daitezkeela, info@hernaniatezate.net helbidera. Eta horrez gain, galdera erantzun guztiak ere irakurri ahal izango dira, bai euskaraz eta baita gaztelaniaz ere, www.hernaniatezate.net web orrian.
Informatzeko beste bide bat
Udalarentzat atala hau da herritarrak informatzeko beste ekimen bat: «dagoeneko bi bilera erronda egin dira, eta zuzenean argitu dira herritar askoren zalantzak. Bulego bat ere ireki da, Kardaberaz kalean, eta doako telefonoa ere badago, 900 840 090, edozeinek erabili dezakeena, atez atekoaren inguruko informazioa jasotzeko».