Hamaikabat: «Larria da Gobernu Taldeko zinegotziek Ikerketa Batzordea sortu nahi ez izatea»

Kronika - Erredakzioa 2009ko abe. 8a, 01:00

hernaniko Hamaikabat alderdiak adierazi du larria dela Gobernu Taldeko zinegotziek «galerazi izana» Ikerketa Batzorde bat jartzea udaletxean. Hala jakinarazi du Hernaniko Kronikara bidalitako prentsa ohar baten bidez. Alderdiak dio Gobernu Taldeak kontratatutako en­pre­­setako bat Kirol Pa­tronatuko kide batena dela, eta larria dela Ikerketa Batzorde bat sortu nahi ez izana. Hamaikabatek uste du gaia ezin dela bertan behera utzi hain azkar: «hiru faktura daude, 7.000 euro ingurukoak, kontratatutako zerbitzu teknikoaren esanetan, zuzenbidez baliogabeak direnak. Horrez gain, 150.000 euroko (25.000.000 pezeta) balioa duen zapuztutako kontratu bat ere badago. Bi kasu hauek ez dira nahikoak izan Gobernu Taldeko zinego­tzientzat Ikerketa Batotzorde bat sortzeko. Nahiago izan dituzte ezkutatu eran­tzukizun politikoaren atzean dauden irregularitate hauek».

«Alkateak dio filtro teknikoek huts egin dutela»
Hamaikabatek dio salaketa egin zutela aurreko Plenoan eta Alkateak adierazi zuela filtro teknikoek huts egin zutela: «Alkate andreak esan zuen filtroek huts egin zutela, eta ez zuen beste azalpenik eman. Modu honetara, Ikerketa Batzordea ekiditen du. Aldi berean, Kirol Patronatuko kideak izan duen erantzukizuna alde batera uzten du, honek ezkutatu egin baitzuen jabe zen enpresaren izena, edo behintzat ez zuen adierazi bera zela jabea. Hamaikabaten ustez bera da erantzunkizuna bere gain hartu behar duena». Hortaz, oharrean alderdiak jakinarazi du, exijitzen duela Manuel Irastorza jaunak duen karguari uko egitea. Eta kargua uzten ez badu, kargua delegatu zion kontzejalak erretiratu diezaiola.

Azken Ikerketa Batzordea 1994an sortu zen
Amaitzeko, Hamai­kaba­tek gogorarazi nahi die hernaniarrei 1994an sortu zela azken Ikerketa Batzordea, eta orduan alderdi guztiek onartu zutela (HB, PSOE, EA, EAJ-PNV, EE eta Zutik). Orduan HB eta Zutik izan ziren proposamena egin zutenak, aztertzeko kontratazio irregular bat, eta furgoneta batek izan zituen kalteak. Kasu hartan, informe teknikoek adierazi zuten ez zela kontratazio ilegalik izan eta furgonetaren kalteak, egin zituen pertsonak ordaindu zituen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!