hernaniko eta inguruko 40 artistek euren lanak ikusgai jarriko dituzte igandean, aurreneko aldiz Hernanin, Arte Azoka antolatu baitute. Azoka antolatu dute Hernaniko Udalak eta Gipuzkoako Artisten Elkarteak, elkarlanean. Hauek adierazitakoaren arabera, helburua da aristek aukera izatea euren lanak sustatu eta jendeaurrean erakusteko. Hortaz, igandean Atsegindegira hurbiltzen direnek, bidea izango dute arte obrak ikusi eta erosteko.
Berrogei artista,
berrogei mahai
Azokan 40 artista bilduko dira, eta bakoitzak bere mahaia izango du. Artisten erdiak Hernanikoak bertakoak izango dira, eta beste erdiak berriz inguruko herrietakoak. Hernaniarren artean, besteak beste, izango dira Aitor Ruiz de Egino, Gorka Setien, Iker Valle eta Peio Goeio. Plastika munduan dabiltzan artistak ere bilduko dira bertan.
Arlo guztietako artelanak urtean lau aldiz ikusteko eta erosteko aukera
Atsegindegira hurbiltzen direnek, gehienbat, pinturaz egindako artelanak ikusi eta erosteko aukera izango dute. Baina pintura ez da arlo bakarra izango, eskultura eta argazkigintzako artelanak ere izango baitira aukeran.
Igandekoa azoka antolatzen den aurreneko aldia izango da, baina ez azkenekoa. Antolatzaileek jakinarazitakoaren arabera, asmoa da urtean lau aldiz antolatzea; hau da, urtaro bakoitzean bat.
Kanpoan geratu direnak
udaberriko azokan izango dute parte hartzeko aukera
Jarduera honetan parte hartu nahi zuten artistek izena aldez aurretik eman behar zuten. Eta kontuan izanda kopurua aldez aurretik jakina zela, kanpoan geratu diren artistek udaberriko azokan izango dute postua jartzeko aukera.