JOAN den asteko ostegunetik igandera bitarte Espainiako Neguko Txapelketa jokatu zen Castellón, eta bertan izan ziren Olatz Altuna, Mañel Aizpurua eta Maitane Danborena igerilari hernaniarrak. Aizpuruak Kronikari azaldu dionez, denboraldiko lehenengo txapelketa garrantzitsuena izan da eta beraiek gaizki ibili ez diren arren, jendea oso prestatua nabaritu dute. Denboraldia nola ikusten duten galdetuta berriz, oraindik denboraldia hasi berria dela eta aurreikuspenak egitea zaila dela azaldu du. «Gainera urtarriletik aurrera poliuretanozko bainujantziak debekatuko dituzte eta orduan ikusi beharko da nola moldatzen garen».
Bi domina eta errekorra
Aurreikuspenak baztertuz, jakina da denboraldia txukun hasi dutela hernaniarrek. Altunak urrezko domina lortu zuen Bidasoa taldeko beste hiru igerilarirekin 4x50 metro libreko proban, eta errekorra ere bai bere 50 metrotan 24,69ko denbora eginda. Horrez gain, 100 metro librean aritu zen; 38tik 18garren egin zuen. Aizpurua eta Barduliako taldekideak ere fin ibili ziren 4x50 metro libreko proban eta brontzezko domina lortu zuten. Horrez gain, 4x200 metro librean hartu zuten parte eta 6garren geratu ziren.
Danborena berriz, 100 metro bizkarreko proban aritu zen eta gustora geratu zen lortutako emaitzarekin: 1:04:15.
Abenduan bi txapelketa
Urtea bukatzerako, bi txapelketa dituzte esku artean: abenduaren 19 eta 20an, Tolosan jokatuko den Euskadiko Txapelketa; eta abenduaren 29an, Ordizian jokatuko den Txapelketa Internazionala.