Las Mercedes zementu fabrika eta Lepatxiki harrobiko kablea

Kronika - Erredakzioa 2009ko abe. 6a, 01:00

Duela hiru urte esan genuen orri­o­tan: Fagollagako arrasto ikusgarri horiek ez dira hain zaharrak, karea lor­tzeko lantegi hidrauliko batenak bai­zik. Orain, Luis Ler­chun­di historialariaren ikerketa batek sos­petxa guztiak argitu ditu. Fa­go­lla­ga­ko leku horretan Las Mercedes izeneko zementu fabrika eraiki zuten XXgarren mende hasieran, horrela azaldu du Eus­ka­le­rri­a­ren Adiskideen El­kar­te­ko Bu­letinean duela gutxi kaleratutako artikulu batean (2009ko lehen zenbakian). Aditu eta arkeologoen artean jakina zen arrasto horiek ez zirela inolaz ere Errege Aingura Lantegi famosoa­re­nak. Baina herritarren artean uste ho­ri oso zabalduta egon da orain arte eta horregatik ´ezinbestekoa zen eraikin horren jatorria eta erabilera zein izan zen jakitea`, dio Lerchundik arti­ku­lu horretan.

Rezolaren iloba Hernanira dator
Fabrika eraikitzeko asmo eta indar guztia Santiago Alkizalete Rezolak jarri zuen. Nonbait, zainetan zebilkion zementua, Gipuzkoako porlan fabrika handienaren fundatzailea baitzuen osaba: Jose Maria Rezola, Añorgako harrobi txiki batetik enporio bat sortu zuena. Santiago Alkizalete Donostian bizi zen, baina gaztetandik etorri zen Hernanira, bere lehengusu batek Antziolan zuen kurtidoran lan egitera. XIXgarren mendea amaitzerako Al­ki­za­lete Hernaniko Udaleko kontzejal izenda­tzen dute eta ardura kargu hori aprobetxatuko du merkataritza munduan muturra sartzeko. Ez dakigu noiz okurritu zitzaion bere osabaren pausoak jarraitu eta zementugintzan hastea, baina badirudi pixkanaka hainbat operazio egin zituela negozio horretan bidea ireki­tzeko. Horrela, 1902an Fagollagako burniola alokatu zuen. Burniola hori publikoa izan zen 1867 arte, eta urte horretan partikular bati saldu eta Urumea izeneko paper fabrika bezala funtzionatzen hasi zen. Alkizaletek burniolaren instalazio guztiak alokatu zituen: makina eta zilindroentzako eraikinak, etxebizitzarako erabiltzen zen Olaetxea izeneko edifizioa, biltegiak, presa... Hortik gutxira, Borto­lu­a­nea baserri ondoan zeuden terreno ba­tzuk alokatzen ditu zementu edo kare hidraulikorako harria lortzeko. Ho­rrez gain, Her­na­niko La Luz eta San Emilio antrazitazko meatzeak ere alokatuko ditu. (Meatze horiek Epe­lekon zegoen La Urumea izeneko beste zementu fabrika baten jabeekin konpartitu behar izan zituen). Santiago Alkizaletek ez ditu ze­mentu fabrika sortzeko pausoak ba­ka­rrik emango, hain­bat bidelagun izan­go ditu alboan: Ramon Zendoia Hernaniko obretako mai­­sua, Jose An­tonio Mar­tikorena lehengusua, edota Flo­ren­cio Sa­ras­ke­ta mediku ezaguna, adibidez. 1903an Al­qui­za­lete y Cía enpresa sortzen da 200.000 pezetatako kapitalarekin (horietako erdia Alkizaletek berak jarriko du) eta horrela, lanean hasten da Fagollagako Las Mercedes fabrika.

Kablea Lepatxikitik erriora
Fagollagako instalazioetan hainbat obra egin behar izan zituzten zementua produzitzen hasteko. Lehenik eta behin, harria egosteko ´labe jarraitua` eraiki zuten. Labe mota hori puntako teknologia zen garai haietan, harria etengabe erretzen baitzuen. Hain zuzen, gaur egun Fagollagan ikus dezakegun eraikin arraroa, labe ho­rren kondarrak dira; manposteriaz egi­na dago eta egositako harria deskargatzeko hiru zuloak bistan ditu oraindik. Bestalde, errotak, materiala txikitzeko makinak eta baheak behar ziren, enpresaren inbentarioaren arabera ´egunean hamabi orduz lan eginez seiehun zaku zementu eho­tzeko`. Horrez gain turbinak, igogailuak eta bestelako erremintak erabili zituzten. Baina zementu fabrikaren instalazio kuriosoena airezko kablea zen. Horren bidez, Onddiko maldetan zegoen Lepatxikiko harrobitik zuzenean jaisten zuten harria Fagollagaraino. Ka­blea askotan erabili izan da harrobi eta mea­tzeetan materiala transportatzeko, XIXgarren mendean jadanik Zes­toa, Arroa eta Zumaiako fabriketan era­bil­tzen zen; horrez gain, duela gutxi arte kablea baserritarrek erabili izan dute belarra menditik jaisteko, Her­nanin ere izan da horrelako sistema erabili duenik, Onddi inguruan adibidez. Alkizaleteren enpresak, hasiera batean Bortoluaene baserriko terrenoetako harria erabili zuen, baina badirudi finantzazio arazoak zirela-eta aldameneko herri-lurretan zegoen Lepatxiki harrobira jo behar izan zuela, eta horretarako Udalari esplotazio baimena eskatu zion. 1906an, enpresak kablearen egoera legala formalizatu zuen kontratu baten bidez eta horri esker dakigu haren berri. Asto ugari kolokatu zituzten malda guztian behera kableari eusteko, eta segurtasun neurriak medio, arbola eta sasietatik garbitu zuten mendia hiru metro zabalean. Gainera, terreno pribatuetatik pasatzen zenez, kalte ordainak eman behar izan zizkien enpresak lurjabeei, bai kablea eraikitzerakoan egindako txikizioengatik eta baita txirriketatik zintzilik zihoazen baldeetatik noizbehinka harriak erortzen zirelako ere.

Etorkizun eskasa
Hasieran aurreikuspen onak izan arren, urte gutxiko bizia izan zuen Las Mercedes zementu fabrikak. Gobernu Zibilak Gi­puzkoako enpresetara bidalitako in­kesta batean agertzen denez, hasi eta be­rehala datu negatiboak izan zituen. Hor­tik gutxira, Felipe Miner industriala egingo da enpresaren kargu; konpainiak izenez aldatuko du (F. Miner y Com­pa­ñia) eta kapitala erdira jaitsiko da. Bi­tar­te­an, Alkizaletek eskua emango dio Sa­ras­keta mediku lagunari bere ondasunak gestionatzeko: gure zementu gizona kan­pora joango da, baina ez dakigu no­ra. Felipe Miner saiatuko den arren enpresa aurrera ateratzen, egoera ez da batere ona, eta gerenteari soldatarik ez ordaintzea erabakitzen dute sozioek. 1909ko irailaren 14an (Hernani euskal jaietan murgiltzear denean!) konpainia desegiten dute notario aurrean eta esan liteke orduantxe uzten diola Las Merce­des zementu fabrikak lan egiteari. Ge­roz­tik, abandonaturik egon da, eta harriz harri erortzen dijoa, ezezagu­tza­ren ehiza izan den dorre harrigarri hori. Lepatxikiko harrobiak berriz mar­txan jarraitu zuen urte luzez, bai eta kableak ere. Lepatxiki baserriko Kon­txi Zubiondok kontatu digunez bere aitonak harrobi horretan egin zuen lan XXgarren mende erdira arte, eta kableak funtzionamenduan jarraitu zuen: ´Astoekin harria leporaino eraman eta hortik behera jaisten zuten kablearekin, gero kamioietan kargatu eta han eramaten zuten` dio Lepatxikiko alabak. Gaur egun harrobiaren aztarna batzuk ikus daitezke, sasiak hartuta, baina kablearen arrastorik ez da geratzen.

Beste harrobi bat Santa Barbararen oinetan?

Eusko Jaurlaritzaren ikerketa batek 112 harrobi gehiago aurreikusten ditu EAEn, horietako bat Hernaniko Santa Barbara inguruan egongo litzateke.

Lepatxikiko harrobiaz gain, ugari izan dira Hernanin harrobiak his­torian zehar. Batzuek marka handiagoa utzi diote inguruari eta beste batzuk aldiz, ia oharkabean pasa­tzen dira ibiltariaren be­giradatik, baina hor daude. Esa­te­ra­ko, mende hasieran harrobiak zeuden Epe­­le­ko-Etxeberrin, Lepatxikin Borto­lu­a­e­nean, Etxa­e­rreagan, Ma­ri­luz­en... eta jakina, Santa Barbaran.
 Santa Bar­ba­ra­ko harrobia ez da atzo gauekoa, badakigu XVIgarren mendean herriko hainbat edifizio ga­rrantzitsu egiteko erabili zela bertako harria, plazako eliza edota udale­txea, adibidez. Mendeetan modu tradizionalean erabili izan da harrobi ho­ri, baina XX­ga­rren mendeko bigarren ha­mar­kadan in­dustrialki esplotatu zutenetik nabarmena da mendian utzitako zauria. Orain, jakina den bezala, berreskurapen plan bat onartu du Udalak, zauri hori no­labait tapatzeko; parkeak, aisialdirako instalazioak... eta abar egitea aurrei­ku­si dute, baina lehenengo ha­rro­biak utzitako zuloa bete behar da, eta horretarako inguruan hain uga­ri di­tugun makroobretako lurrak erabiliko di­tuzte. Ez da ´lur zabortegi` bezala funtzionatzen duen Hernaniko harrobi bakarra. Duela gutxi arte martxan egon den Sorgintxuloko Mariluz Handi harrobia ere (hondar silizeoa ateratzen zuten),  sistema horren bidez ari di­ra  betetzen.

Eusko Jaurlaritzaren asmoak
Hernaniko harrobiak ixten eta eraberritzen joan dira eta gauza bera pasa­tu da Euskal Herriko gainerako lekuetan. Gipuzkoan, esaterako, 248 harrobi daude abandonaturik edo erabili gabe, eta soilik 18k jarraitzen duten funtzionamenduan. Baina aldi berean, inoiz baino harri gehiago kontsumitzen dugu eta AHTa, Pasaiako kanpo-portua eta beste hainbat makroobra egingo balira, askoz harri gehiago beharko genuke.
Hori dela-eta, Eusko Jaurlaritzak ikerketa lan bat enkargatu zuen harriaren eskaera eta eskaintzari buruz. Ikerketaren arabera,  355 milioi tona harri geratzen ziren esplotatzeko EAEko harrobietan, gehienez ere 15 urterako materiala, beren esanetan. Hain zuzen, behar hori asetzeko, harrobitarako lur masak ere identifikatzen ditu ikerketa horrek: guztira 112 harrobi gehiago aurreikusten ditu EAE osoan, horietako 45  zeru-argitara irekitakoak eta beste 67 lurrazpikoak.
Eusko Jaurlaritzaren ikerketak ez ditu bere helburuak zehazten, berez, ´aurre-ikerketa` bat da bakarrik. Dena den, oso zehatza da harri eskaera eta eskaintza kopuruak ematerakoan, eta baita harrobi izan daitezkeen lekuak finkatzerakoan. Hain zuzen, horietako harrobi bat Hernaniko Santa Barbara inguruan aurreikusten du ikerlanak. Lurrazpiko harrobia izango litzateke eta ez lioke babestutako natur-guneei eragingo, baina bai uraren puntu bati, txostenak dioenez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!