durangoko Azokak gaur irekiko ditu ateak eta bertan, Amaia Fernandez hernaniarrak eta Maria Agirre Hernanin bizitakoak, egin berri dituzten hiru ipuin aurkeztuko dituzte. ParaZito marka berriarekin sortu dituzte, Kaneta argitaletxearekin. Hala azaldu diote Kronikari: «ParaZito marka berri bat da, bi lagun elkarrekin batera zortzi urtez argazkigintzan lanean aritu ondoren sortu dena». Hainbeste urtetan, haurrak izan direnez beraien bezero nagusienak, haurrentzat ipuinak idazteari eta marrazteari ekin diote. Hala sortu dira Xabier eta Karajito protagonistatzat dituzten hiru liburuak. Ipuinak Joxan Ormazabalek itzuli ditu eta Jaima Laita izan dute kolaboratzaile.
Bilduma ezberdinak
«Ipuin guztiak didaktikoak dira eta fantasia ukitua dute. Helburua da haurrek jolasaren bidez ikastea eta iruditzen zaigu gure pertsonaien abenturekin erraz eta era dibertigarrian lortuko dutela helburu hori», azaldu dute. Oraingoz hiru ipuinekin plazaratu dira, baina bilduma desberdinak martxan jartzeko asmoa dute.