Hernaniarren ia erdiek, zehazki %46,7ak, atez ateko hondakinak biltzeko sistema ona edo oso ona dela uste dute; %74,3ak uste du arazorik ez duela izango sistema berrira moldatzeko; administrazioek konpostatzea bultzatu beharko luketela uste du %77,7ak; aukera dutenetatik %68,8a prest dago bere konposta egiteko; eta proposatutako bilketa ordutegiarekin ados agertu da herritarren %63,8a. Horiek dira Izaskun Txintxurreta Ingurumen zinegotziak atzoko prentsaurrekoan azpimarratu zituen datuak, Udalak egin berri duen inkestaren inguruan. «Egia da bide luzea dugula lantzeko, hasi besterik ez gara egin, baina abiapuntu bezala emaitzak onak dira, gehiengoaren aldeko jarrera horrek erakusten digulako hernaniarrak bidelagun izango ditugula», azaldu zuen.
Herritarrak «puntako teknologia eraginkorrena»
Ideia berari helduz, Marian Betialarrangoitia alkateak nabarmendu zuen argi dagoela herritarrak kontziente direla zaborraren arazoaz eta konponbidea bilatu nahi dutela. Eta gaineratu zuen: «puntako teknologiaz egindako errauste plantaren mehatxua gure gainean dugun honetan, esan nahi dut, herritarrak direla puntako teknologia eraginkorrena, eta beraien aportazioarekin lortuko dugula zaborraren arazoari behar den erantzuna ematea osasuna kontuan hartuta».
Kolektibo guztiak kontuan azterketa egiterakoan
Azterketa Aztikerren bidez egin du Udalak, hondakinak atez ate biltzeko sistemaren inguruan, herritarrek dituzten iritzi eta jarrerak jasotzeko helburuarekin.
Amaia Elizagarate lanaren zuzendariak azaldutakoaren arabera, «inkesta egin zaie Hernanin bizi diren 15 urtetik gorako herritarretatik (16.396 pertsona), 503ri. Telefonoz egin da, auzo guztietara iritsita, eta sexu eta adin ezberdinetakoak kontuan hartuta. Hala, kolektibo guztiak errepresentatu ditugu eta saiatu gara Hernaniko ahalik eta argazki afinatuena lortzen».
Inkesta bi zatitan egin dute. Alde batetik orokorrean galdegin dute hondakinen gestioari buruz: bereizteko dituzten ohiturak, konpostaren inguruko eta erraustegiaren inguruko jarrera eta ezagutza... Eta bestetik, atez ateko gaikako bilketari buruz: sistemaren ezagutza, ona edo txarra den, jarrera, zintzilikarioak eta ordutegia, kezkak eta beldurrak...
Datu guztien berri izan nahi duenak, aukera du txostena lortzeko, Kardaberaz kalean dagoen bulegoan edo udaletxean.
Usurbildarren lana
Marian Beitialarrangoitia alkateak Usurbilgo eredua ere izan zuen ahotan eta bertako Udalaren eta batez ere, herritarren lana goraipatu eta zoriondu zuen, eta azaldu zuten, «Usurbilekin eta Oiartzunekin batean, erakutsiko dugu Gipuzkoan ez dela errausgailurik behar».