Saharar Herrirako produktuak bilduko dira abenduan eta urtarrilean

Kronika - Erredakzioa 2009ko abe. 3a, 01:00

gabonen inguruan, azken urteetan, produktu eta elikagaiak bildu izan dira Saha­rako errefuxiatuei kanpa­men­duetara bidaltzeko, eta aurten ere, kanpaina martxan da; Sahararen aldeko VI euskal karabana, piztu itxaropena du izena kanpainak. Abenduan eta urtarrilean bilduko dira produktuak he­rriko puntu ezberdinetan. Ka­rabana otsa­i­­lean abiatuko da.

Kamioiak erosiko dira produktuak garraiatzeko
Kanpaina Polisario Fronteak antolatzen du eta azaldutakoaren arabera, «azken bost ur­teetako Karabana Bate­ratuek izandako arrakasta nabaria kontuan hartuta (480 tona pasatxo produktu azken kanpainan), edizio berri honetan aurreko emai­tzak gainditu nahi dira». Produktuei dagokienean, esaten du ekimen hone bitartez, janariaz gain (arroza, pasta, lekaleak, azukrea eta hegaluzea eta sardinak oliotan), garbitasun gaiak (konpresak) ere bilduko direla. Eta horrez gain, «guztia karabanan garraiatzeko, bigarren eskuko kamioiak erostea aurreikusten da. Hori euskal erakunde publikoek, Udalek batez ere, egindako ekarpenei esker lortuko da».

Bilketa egun eta puntu ezberdinetan
Produktuak herriko gune ezberdinetan bilduko dira eta egunak ere ez dira berdinak izango guztietan. Ikastetxeetan eta kultur etxean, esaterako, abenduaren 9tik abenduaren 22ra arte izango da aukera. Supermer­katuetan, abenduan, 18an eta 19an bilduko dira, eta urtarrilean, 15ean eta 16an. Supermerkatuak dira BM, Eroski, Erosle eta Charter. Elkarte eta tabernetan, berriz, eltzeak egongo dira.

Sentsibilizaziorako hainbat ekintza
Kanpainak iraun bitartean, sentsibilizaziorako zenbait ekintza izango dira. Esate­rako, ikastetxeetara eta Insti­tutora pelikulak bidaliko dituzte umeentzat, hala nola, ikastetxeetan, 8 urte arte, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots-en DVDa, eta Insti­tutoan eta DBHn, Sonrisas del desierto eta Lalia. Horrez gain, Gazte Txokoan hitzaldia eta Hena tailerra izango dira hilaren 17an, eta urtarrilaren 16an, Haima jarriko da Plaza Berrin.

Dirua emateko aukera kontu korronte bidez
Karabana antolatu dute Saha­rar Herriarekiko Elkar­tasunerako Euskal Elkarteek, Euskal Fondoaren Sahara Koordinazio Unitatearen la­guntzarekin, eta Saharar He­rriari lagun­tzeko dirua eman nahi duenarentzat kontu korrontea jarri dute: 3035 0080 94 0800054177.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!