«Usurbildarren %68a Atez Ateko bilketa sistemaren alde dago»

Kronika - Erredakzioa 2009ko abe. 2a, 01:00

usurbilgo Udalak, Azti­ker enpresaren bidez, inkesta egin berri du atez ate hondakinak biltzeko sistemaren inguruan usurbildarren asebetetze maila eta iri­tziak jasotzeko, eta emaitza horien berri eman dio Hernaniko Kronikari prentsa ohar bi­dez. Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak arrakastatsutzat definitu du sistema berria eta honako datuak azpimarratu ditu: «biztanleen %76,8a ongi edo oso ongi moldatzen da sistema berriarekin, eta gaizki edo oso gaizki %12a besterik ez». Balorazio orokorrei dagokienean, hamarretik ia zazpi herritarrek, hau da, %68,4ak, atez ateko bilketaren inguruko aldeko iritzia dutela, dio Errekondok. Aurka berriz, %23,6a egongo litzateke, eta %8ak ez du iri­tzirik. «Bide beretik, ezarri aurretik, atez ateko bilketaren alde %36,1a zegoen eta orain, %68,4a», gaineratu du.

Proposamenak erdiek
Larrialdi guneei dagokienez, %69,3ak ez du inoiz erabili eta %70,9ak ez ditu inoiz hondakinak beste udalerri batera eraman. Horrez gain, herritarren erdiek egin dituzte hobetzeko proposamenak eta hauexek izan dira aipatuenak: kalean zakarrontzi gehiago jartzea, bilketa gauez egitea edota ordutegia zabaltzea eta hondakin bakoitza egun gehiagotan jasotzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!