Udal Gobernuak Kultur Gunea egiteko asmoa azaldu du «herri galdeketako emaitza bere eginda»

Kronika - Erredakzioa 2009ko abe. 2a, 01:00

Hernaniko Udal Gobernu­ak atzo jakinarazi zuenez, bere egingo du udal ekipamenduen inguruko herri galdeketako emaitza eta Kultur Gunearen proiektuaren lanketarekin hasiko da 2010ean; izan ere, proiektu honek lortu ditu boto gehien: 1.459. Bigarren Gudarien eta Tilosen plaza eraberritzeko aukera geratu da 538 botorekin; eta azkenik, Ige­ri­le­kua 290 botorekin. Boto zuriak 9 izan dira, eta baliogabeak 12. Marian Beitialarrangoitia al­katea eta Juan Ignacio Arri­eta parte-hartze zinegotzia izan zi­ren atzo emaitzen ba­lorazioa egi­ten, eta emaitza positibotzat har­tuta, alkateak azaldu zuen, %20ko parte-har­­tzea gainditu ez arren, Udal Gobernu honek bere egingo duela emaitza osotasunean. Hala arrazoitu zu­en: «Udal ekipamenduen gai­ari dagokionez, egun da­goen herri borondatearen adi­erazpen de­mo­kratikoena herri kontsulta ho­­nen emai­tza da. Hori dela eta, adierazpen demokratiko za­balagoa is­­latzen ez den bitartean, gu­re erabakiak kontsulta ho­nen emaitzara lotuko ditugu». Arrietak, berriz, azaldu zuen, emaitzei erreparatuz gero, herritarrek Kultur Gune­aren aldeko hautu garbia egin dutela, bigarren aukera ia hirukoiztuz: «ez da makala hautu honen zilegitasun demokratikoa, kontuan hartuz, azken udal hauteskudeetan egon den oposizio talde bozkatuenak ere ez dituela lortu bozka horiek».

Kultur Gunea gauzatzean, gainerakoak helburu
Beitialarrangoitiak ere azaldu zuen, Udal Taldeak agintaldi honetan nahiz datozenetan ekipamendu kulturala gauzatzea izango duela helburu nagusi. Eta gaineratu zuen, herri kon­tsultaren emaitza, hau da, herritarrek erabakitakoa, errespetatuko dutela lehenetsi den ordenean eta «Udal Gober­nuaren iparra» izango dela. Hala, Kultur Gunea behin gauzatuta, Plaza eta Tiloak berri­tzea izango dute helburu; eta azkenik, Igerilekua.

Proiektua lantzeko ere, parte-hartzea bultzatu
Alkateak esandakoaren arabera, berehala hasiko dira urra­tsak ematen eta 2010ean, bertan, Kultur Gunearen oinarrizko proiektuaren lanketarekin hasiko da Udala. Hala, beharrezkoa izango den diru poltsa gorde beharko dela aipatu zuen. Parte-hartzea oraindik amaitu ez dela ere esan zuen eta proiektuaren lanketa, interesa duten eragile kulturalen parte-hartzearekin egingo dela.

«Kopurua tamainakoa»
Guztira 2.308 hernaniarrek eman dute botoa galdeketan, hau da Hernanin erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritar guztietatik %14,9k. Arrietaren esanetan, 30 urtetan lehenengo aldia da halako kontsulta bat egiten dela eta parte hartutako hernaniarren kopurua «tamainakoa» dela esan zuen. Kontestua kontuan hartu behar dela azaldu zuen: «ez dira ohiko hauteskundeak, jarraipen mediatikoa ere ez da ohikoa, eta horrez gain, kon­tsultarako gaia ez da polemikoa, Hernani elkarlanean eraikitzera zuzendutakoa baizik». Kontsultak sortu duen herri dinamika ere positiboki baloratu zuen Arrietak.

Eskerrak prozesuan parte hartu duten herritarrei
Marian Beitialarrangoitia alkateak eskerrak eman zizkien herri kontsultan parte hartu duten guztiei eta baita urtebeteko prozesu honetan aurreko faseetan parte hartu dutenei ere. Beraien garran­tzia nabarmendu zuen: «nahi dugun etorkizuneko Hernani eraiki­tzeko ideiak dituzten eta konpromezua duten herritarrak baditugu eta behar ditugu; hor dago gure aberastasuna. Hernanik badu altxor preziatu bat: hernaniarrak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!