Euskal Herri osotik etorritako artisauen lanak eskura izango dira igandean, Artisau Azokan

Kronika - Erredakzioa 2009ko aza. 30a, 01:00

Hogeita hamar urte dira aurreneko aldiz Pablo Lasa artisau hernaniarrak azoka antolatu zuela Hernanin. Azokaren helburua zen artisauen lanak ez galtzea eta bertako eta inguruko herrietako artisauak Hernanin biltzea. Ordutik, urtero urtero izaten da bere izena daraman Pablo Lasa artisau azoka Hernanin. Azoka abenduko aurreneko asteburuan egiten da, eta aurtengoa igandean izango da, goiz eta arratsalde, Atsegin­degin. Goizez 11:00etatik 14:30etara izango dira, eta arra­tsaldez 17:00etatik 20:00etara. Azokan bilduko dira Euskal Herri osotik etorritako 25 artisau, eta bakoitzak bere postua izango du, jendaurrean lanak erakusteko eta sal­tzeko. Horrez gain, azokaren inguruko beste hainbat ekin­tza ere izango dira: taloak, musika, tailerrak, eta abar.

Era guztietako artisau postuak
Artisautza tradizionala eta lan eta teknika berria uztartuko dituen azoka izango da igandekoa. Alde batetik izango dira egur taila, zeramika eta euskal jantzien postuak. Eta bestetik, teknika berriak erabaliz egindako lanak, esaterako, fimoarekin egindako pitxiak, eta serigrafia teknikarekin egindako jantziak. Horiez gain, baita ere postuetan jarriko dituzte txotxongiloak, zurezko jostailuak, tinte naturalekin kolorea emandako arropak, eta abar.

25 artisauen arten, 5 Hernanikoak
Bazter guztietako 25 artisau bilduko dira igandeko azokan, eta horien artean, Hernaniko 5 artisau izango dira. Anastasia Leundak artilezko eta ezkurrezko lanak jarriko ditu salgai; Maider Kalogek egur tailekin egindako lanak; Gorka Setienek irudiak izango ditu bere postuan; Xabik Pupil Bagsak; eta Nekane Flamarikek bitxiak izango ditu salgai.

Beste hainbat ekintza azokaren bueltan
Azoka girotzeko helburuarekin, aurten ere beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte honen bueltan. Alde batetik, talo, ahintzineko euskal gazta, elikagai ekologiko eta eztien postuak jarriko dituzte. Bestetik, Irungo Agirretxe dultzaineroak, eta Musika Eskolako trikitilariak ibiliko dira egun osoan zehar.

Txotxongilo tailerrak aurtengo berezitasuna
Artisau Azokak aurten berizitasun berria ere izango du, txotxongilo tailerra. Menina taldeak buruhaundiak nola egiten diren erakutsiko du, eta nahi duten guztiek maskarak egiteko aukera ere izango dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!