Mendiriz Mendik hilabete honetan proposatutako ibilbideak Gipuzkoan du parte bat eta Araban bestea. Bertara joateko A-1 errepidea hartu eta Altsasu aldera jo. Idiazabalen, Zegamara doan GI-2637 errepidea hartu. Segura igaro eta Zegama aldera jarraitu. Ibilbidea herriko plazan hasten da.
Datu interesgarriak
Zegamako herriak bazuen zegokion erromesak zaintzeko zentroa. Bere ospitalea gaur egun Ama Elurretakoaren ermita dugun tokian zegoen. Herriko plazaren alboan San Martin Parroki Eliza aurkituko dugu; bere oinplanoa eta ate gotikoa XV. mendekoak dira, nahiz eta aldaketa ugari izan historian zehar.
Erromesek herriko erdialdetik San Adriango tuneleraino bete beharreko distantzia haundia ermitez ondo hornituta dago, esate baterako Iruetxetakoa edo San Pedrokoa, besteak beste. Tunelaren aho fortifikatutik hurbil, Sancti-Spiritus ermita dugu, tenplarioen ospitale zaharra, eta bere magalean mikeleteen etxe handia ikus daiteke, gaur egun mendi-aterpe bihurtutakoa, tunelean bertan zegoena ordezkatu zuena.
San Adrian ermitaren lehenengo erreferentziak XI. mendekoak dira; historian zehar berrikuntza asko izan ditu eta gaur egun 100 urte pasatxo dituen eraikuntza da. San Adriango Tunela XI. eta XII. mendean jada erabiltzen zuten pasabide bezala. Bidaiariek bidearen zailtasun izugarriak adierazi zituzten beren idatzietan, batez ere zaldientzako. Erromesen iragaitearen testigantzak pareta lodietan grabatuta geratu dira. Hemendik igaro ziren Andrea Navagiero Veneziako enbaxadorea, Alexandriako Patriarka, Cuelbis alemaniarra edo Venturino bidaiaria. Azken honek tunelaren ´iluntasun ikaragarriaz` hitz egin zuen. Beste zenbait erromesek infernuaren aho beltzarekin konparatu zuten tunelako pasabidea. Berezko zailtasunei lapurren zelata gehitzen badiogu, hobeto ulertuko dugu bidaiarien beldurra.
Zalduondoko San Julian eta Santa Balisa ermita prerromanikoa dugu, Arabako eraikuntza erlijioso zaharrenetakoa, jada liturgia bisigotikoan eta mozarabean beneratutako bi santuren deitura izateak erakusten du bere antzinatasuna.
Ibilbidearen deskribapena
Zegamako parrokia eta udaletxea dauden plazatik irtengo gara. Errepidetik gora egingo dugu Otzaurteko gain aldera eginez. Apur bat aurrerago, Iruetxetako bidegurutzean errepidea utzi eta ze-mentuzko pista batetik baserriak dauden aldera egingo dugu. Baserriak igaro ondoren, pista utzi eta San Adrianera eramango gaituen bide zaharra jarraitu behar da. Andre Mari Zuria ermitaren inguruan berriz ere zementuzko pista batekin topo egingo dugu, Buenavista baserrian amaitzen dena.
Baserria igaro eta igotzen jarraituko dugu. Pinu-baso bat zeharkatu eta ur-kanal batekin aurkituko gara. Berriz ere igotzen jarraituko behar da oso aldapatsua ez den hegal batetik. Bide honetan txabola abandonatu pare bat eta Sancti Spiritus ermita aurkituko ditugu. San Adriango tuneleraino jarraituko dugu belarrezko bide batetik. Tunelaren barrualdean baseliza bat dago.
Tunela igaro eta galtzada jarraitu behar da. Ezkerretara eskaratza iturburua dago. Galtzadak gora egiten du, Lezearan mendi-lepoa, Araba eta Gipuzkoako probintzien mugara iritsi arte. Hemen galtzadak jaitsierari ekiten dio, hegoaldeko norabidea mantenduz. Azken zatia baso-pista batetik egiten da.
Zumarraundi parajetik igaro ondoren Zalduondo herrira doan errepidea jarraituko dugu. Kastiaran parajean izen bereko iturria aurkituko dugu. Apur bat aurrerago GR-25 bezala balizatutako pista batek errepidea gurutzatzen du. Zalduondora bide horretatik joan daiteke, baina Santiago bideak errepidetik jarraitzen du. Araiako herrirantz doan bidegurutzera iritsiko gara. Hegoaldera jarraitu.
Zalduondora iristen Aistrao San Julian eta Santa Basilisa ermitatik datorren pista batek egiten du bat gure bidearekin ezkerraldetik. ´Kalbario` parajetik igaro ondoren, Zalduondon sartuko gara.
Bideari jarraitzea komenigarria da Zalduondon lo egiteko leku gutxi baitago. Guk Aguraineraino jarraituko dugu. Azken kilometroak lauak dira, trafiko gutxi duten errepideetatik barrena. Erraz egiten dira. Hego aldera ekin, herria gurutzatu eta erdi-aroko Zubizabal zubi albotik igaro behar da. Bideak San Millan baselizara eramaten gaitu. Bideari jarraituz, Zadorra ibaia alboan dugula beti, berehala iristen gara Agurainera.