Aurten aurreneko aldiz pelota txapelketa antolatu dute Benta Berrin, eta izan duen arrakasta ikusi ostean, ziurrenik ez da azkenekoa izango. Ostiral iluntzean txapelketako finala eta hirugarren eta laugarren postuak jokatu ziren, eta txapelketan parte hartu zutenak medio, 50 lagundik gora izan ziren bertara hurbildu zirenak, partidua ikustera.
Txikito eta Mañel txapeldunak aurreneko edizioan
Final haundia eguneko bigarren partidua izan zen, eta aurrez aurre izan ziren Txikito eta Mañel, eta Gorka eta Ibai. Partidu luzea bezain gogorra izan zen, nahiz eta emaitzari begiratuta, kontrakoa eman dezakeen. Lan asko egin ondoren, Txikitok eta Mañelek jantzi zuten merezitako txapela, 25-13 irabazita. Txapelaz gain, sari berezia ere jaso zuten; Ereñotzuko Luis Gorrotxategik eskuz egindako gerriko bana ere izan zuten sari.
Txapeldunordeak hortaz, Gorka eta Ibai izan ziren, eta hori ziurtatzen duen trofeoa jaso zuten.
Hirugarren postuko lehian
Jonan eta Xapo nagusi
Finala ez zen eguneko partidu bakarra izan. Aurreneko pelota partiduan ere bi bikote aritu baitziren hirugarren postua eskuratzeko lehian. Jonan eta Xapok jokatu zuten, Gaxi eta Ekaitzen kontra, eta aurreneko bikotea izan zen nagusi bederatzi tantoko aldearekin, 25-16 irabazita. Hauek ere trofeo bana jaso zuten sari bezala.
Partiduak telebistaz ikusteak giro paregabea
sortu zuen
Eguneko lau protagonistak pelotaleku barruan zeuden bitartean, txapelketan parte hartutako gainerakoak, eta bertara hurbildutakoak, telebistaren bueltan bildu ziren.
Benta Berriko pelotalekuan gertatzen zen guztia jarraitu zuten, aldameneko tabernan telebista bidez, giro ezin hobean. Asko izan ziren atsaldepasa ere joan zirenak.
Partiduen ostean, afaria
Partiduak amaituta, bertan bildutakoak afari eder baten bueltan elkartu ziren, bertako jatetxean. Afalostean luzatu zirenak ere izan ziren, eta mahainguruan, otsailetik aurrera beste txapelketa bat antolatzea ere izan zuten hizketagai, oraingoan buruz burukoa.