feri eguna da gaur Goizuetan. Seigarren edizioa du aurtengo artisau eta ganadu feriak. Orain dela 30 bat urte arte azaroko eta abenduko azkenengo larunbatetan feria izaten zen, eta hori dela eta, 2004an feri eguna berreskuratzea gogoratu zitzaion ´Goizueta Bizirik` plataformari, eta baita asmatu ere! Urtetik urtera jende gehiago erakartzen baitu azaroko azken larunbateko Feri egunak. Azoka plazan izango da, baina deskuido batean euria egingo balu, frontoian jarriko dute.
Goizean azoka
Goiz osoan zehar artisau postuak, nekazal produktuak eta azienda feria izango dira. Bertako produktuak erosteko aukera izango da. Ez hori bakarrik. Bitarte horretan, gazta nola egiten den ikusteko aukera izango da; talo postua izango da; eta sagardoa egiteko tolarea ere bai, aurrez aurre ikusteko sagarra jotzen, eta nahi izanez gero, sagardoa probatzeko ere bai. Jexux Mari Belako ere lanean ariko da joareak egiten jende aurrean.
Dena ez denez begiratzea, nahi duen guztiak txinga lehiaketa herrikoian parte hartzeko aukera izango du, eguerdiko ordubatetik aurrera, plazan.
Koltxoiak berritzen eta ardi zakurrak lanean
Azoka goiz osoan zehar izango da eta iraun bitartean bestelako ikuskizunak ere izango dira. 11:00etan, edadean aurrera joandakoek ikuskizun polita eskaintzeko asmoa dute: garai bateko artilezko koltxoiak kalera atera eta bertan berrituko dituzte; horretarako ireki, artilea astindu eta pastorrotzekin txukun-txukun josteko asmoa dute. Ikastolako patioan egiteko asmoa dute.
Ardi zakur erakustaldia ere izango da Barrenitxeko belasoan; Aranoko Ansa eta Goizuetako Maisubordako Olaziregi ariko dira, ardi txakurrak lagun, ardiak nola gobernatu erakusten.
Iratze meta nola egiten den ikusteko aukera
Duela bi urteko erakustaldi ikusgarria ere emango dute aurten Artantxuko Juan Mari goziuetarrak eta beste lagun batek. Goiz osoan zehar iratze meta nola egiten den erakutsiko dute.
Bazkari jendetsua
Goiko frontoian babarrun platerkada ederra eta plazan erretako zekorra jan ahal izango dute ia 500 lagunek. Horregatik, auzo lanean, Hernaniko eta Oiartzungo jendea izango da bertan bazkaldarrei otordua ematen. Dagoeneko bazkaritako txartelak erretiratu dituzte baina norbaitek interes berezia balu, Amaia kafetegian galdetu dezake. Bazkalondoa soinuaz alaiturik egongo da, lehenbizi frontoian eta ondoren Urrutineko atarian.
Egun osoko jaia izanik, egunak luze joko du, horregatik, ilunabarrean zurrutaz gain, mokaduren bat egiteko aukera ere izango da; horretarako, lau herritar kalean jarriko dira, borondatearen truke pintxoak saltzen.
Kontzertuak Gaztetxean
Ilunabarreko 19:00etan Gaztetxean Sindrome de Parker eta The Zepo talde Hernaniarren kontzertua izango da. Egitaraua hor bukatzen bada ere, seguru festa ordu txikiak arte luzatuko dela!
Xalto bertso sariketaren finala
Feri egunarekin batera, Udaletxeko Ganbaran Xalto Saria bertso sariketako kanporaketa eta finala jokatuko dira, aurten formatu eraberrituan. Goizeko 11:00etan kanporaketa jokatuko da Ganbaran eta arratsaldean finala izango da.
Koltxoiak
zaharberritzen
GARAI batean bezalaxe,
gaur artilezko koltxoi zaharrak kalera atera eta zaharberritu egingo dituzte. Artilezko koltxoi asko ez da izango gaur egun, baina daudenak ondo aprobetxetzen dituzte Goizuetan. Orain hain modan jarri den berrerabiltzea garai batean, gauzak nolanahi botatzen ez ziren garaian, natural nola egiten zuten erakutsiko dute.
Gaur Goizuetan
10:00etatik aurrera, artisau postuak, nekazal produktuak eta azinda feria.
Bitartean, artisau produktuak egiten ikusteko aukera: Talogileak, gaztagileak, joaregileak...
10:45etan, sagardo egileak. Sagar jotzea jendaurrean eta
sagardo probatzea.
11:00etan, Koltxoiak
zaharberritzeko lana.
11:30etan, Ardi zakur lehiaketa. Barrrenitxeko belason.
13:00etan, txinga lehiaketa.
Goiz osoan zehar,
herriko trikitilariak.
14:30etan, Herri bazkaria.
Goiko frontoien.
Bazkalondoren, Musika.
Goiko frontoien.
19:00etan, Kontzertuak:
‘The Zepo’ eta ‘Sindrome de Parker’. Gaztetxean.